Koronabirusa Azpeitian

Bi astean erdira jaitsi da Azpeitiko intzidentzia tasa

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 27a, 14:43

Egoerak nabarmen egin du hobera herrian, eta datuek baieztatzen dute hori. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, atzo hiru positibo baieztatu zituzten Azpeitian, eta 34 izan dira azken zazpi egunotan. Duela bi ostiral, oso bestelakoa zen egoera: 104 ziren astebetean zenbatutako positiboak. Jaitsiera hori islatzen du intzidentzia tasaren bilakaerak ere: 604,45 da gaur, azken bi hilabeteotako txikiena.

Herriko egoerak nabarmen egin du hobera azken astean, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratu dituen datuek hori berretsi baino ez dute egin. Atzo hiru positibo baieztatu zituzten herrian, eta 34 izan dira azken zazpi egunotan zenbatutakoak. Joan den ostiralean, 57 ziren astebetean metatutako positiboak, eta duela bi ostiral, 104. Azken zazpi egunetan, bost lagunek baino gutxiagok eman dute positibo, batez beste.

Positiboetan izan den jaitsiera hori islatzen du intzidentzia tasaren bilakaerak ere. Osasun Sailak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko, eta grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Irailaren bukaeratik urriaren amaierara etengabe hazi zen zenbateko hori Azpeitian; are gehiago, tasak goia jo zuen urriaren 30ean –1.700,43 izan zen egun hartako intzidentzia tasa–. Orduz geroztik, beheranzko joera hartu zuen positibotasun tasak, poliki hasieran, bizkorrago azkenaldian. Oraindik ere altua da da, semaforo gorria pizten den 500eko langatik gorakoa, baina aipagarria da izan duen jaitsiera: duela hamabost egun 1.315, 18 zen tasa hori; eta atzo 604,45. Beraz, bi astean erdira murriztu da herriko intzidentzia tasa.

Eskualdean ere, hobera egin du egoerak

Azpeitian ez ezik, eskualdeko egoerak ere nabarmen egin du hobera azken astean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 22 positibo zenbatu zituzten atzo; asteazkenean baino bat gutxiago, asteartean baino zazpi gutxiago eta astelehenean adina. Asteko joera hori izan da, beraz: eguneko 20-30 positibo berri. Badira batzuk, baina duela aste batzuetako datuen ondoan, askoz gutxiago dira.

Zarautz da atzo positibo gehien zenbatu zituzten eskualdeko herria: hamar, hain zuzen. Azpeitian, Azkoitian, Getarian eta Orion hiruna baieztatu zituzten, eta gainontzekoetan, bakar bat ere ez. Iragan ostiralaz geroztiko datuei erreparatuta ere, Zarautz izan da positiborik gehiena atzeman dituzten herria: 55. Azkoitian 43 izan dira, Azpeitian 34, Orion 16, eta gainontzekoetan hortik behera.

Intzidentzia tasak ere apaltzera egin du oro har. Jaitsierarik deigarriena Zumaiak izan du: duela aste batzuk ia 2.000ra iritsi zen 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo kopurua, eta gaur 193,38 da. Azpeitian ere bi astean erdira jaitsi da: gaur 604,45 da, eta orain dela bi aste 1.200dik gorakoa. Orion, aldiz, kezkatzeko zifrak dituzte; 890,94 da tasa.

Hego Euskal Herriko egoera ere duela aste batzuk baino askoz hobea da. Atzo 14.143 PCR eta antigeno test egin zituzten eta 785ek eman zuten positibo; horrenbestez, %5,5ekoa da positibotasun tasa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezperan baino gutxiago izan ziren; Nafarroan, aldiz, gehixeago. Dena dela, gaurko datuek ez dute zerikusirik duela aste batzuetakoekin, egun batzuetan 2.000 positiboen langa ere gainditu zelako. Erietxeetako egoerak ere hobera egiten ari da pixkanaka; bi astean %40 murriztu dira ospitaleratzeak.