Haurrentzako Gabonetako ekintzetan izena emateko epea zabaldu dute

Julene Frantzesena 2020ko aza. 27a, 12:54

Ekintzak abenduaren 21ean, 22an eta 23an izango dira, goizez, eta adin tarteka osatuko dituzte taldeak. Izena Internet bidez ematea gomendatu du udalak, baina hori ezinezkoa zaienek badute beste bide batzuetatik egiteko aukera.

Aurtengo urte berezia izanagatik, Azpeitiko Udalak haurrentzat eta gaztetxoentzat ekintzak antolatu ditu Gabon sasoirako. Ekintzak abenduaren 21ean, 22an eta 23an izango dira, goizez, eta adin tarteka banatuta gauzatuko dituzte: HH 5; LH 1 eta LH 2; LH 3 eta LH 4; eta LH 5 eta LH 6. Aurten, gainera, COVID-19aren krisialdia dela eta, herrian bertan egingo dituzte ekintza guztiak.

Dagoeneko zabalik dago ekintzetarako izen-emate epea, eta izapide hori online egitea gomendatu du udalak. Dena den, izena Internet bidez emateko zailtasunak dituztenek Gazte Informazio Bulegora (GIB) joan –Sindikatu Zaharreko lehen solairuan–, hango 943-15 71 60 telefonora deitu edo gib@azpeitia.eus helbidera mezua idatz dezakete. Ekintzetan izena ematen dutenek hamabost euro ordaindu beharko dute –Azpeitia.eus atarian deskarga daiteke ordainketa egiteko azalpenen dokumentua–.

Udalak aurreratu duenez, abenduaren 21ean, 22an eta 23an goizez nahiz arratsaldez irekita izango da Gaztelekua. Dena den, erakundeak adierazi du aurrerago jakinaraziko diola nerabeei egun horietan Gaztelekuak zer funtzionamendu izango duen.