Lagun Onaken entrenatzailea

Ander Avellaneda: "Emaitza on pare bat kateatzea da behar duguna, egoerari buelta ematen hasteko"

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 26a, 10:09
Ander Avellaneda Garmendipen, herenegungo entrenamendu saioaren aurretik. (Mailo Oiarzabal)

2017tik joan den maiatzera arte Tolosan bizitakoa du orain arte aulkietan esperientzia bakarra Ander Avellanedak (Tolosa, 1984). Esperientzia ona, bere herriko futbol taldeak urte horietan lortutako emaitzen argitara. Joan den astean, derbiaren bezperetan, hasi zen Lagun Onak entrenatzen. Espainiako Hirugarren Mailaren 4B multzoaren zuloan daude azpeitiarrak, eta hamabost jardunaldi dituzte aurretik hortik ateratzeko eta mailari eusteko. Helburua lortzeko gaiak ikusten dizkio taldeari entrenatzaile berriak: "Noski, bestela ez nintzen lanean hasiko".

Estreinaldi garratza izan duzu, derbia galduta eta galdu zenuten moduan galduta.

Derbiak partida bereziak izaten dira eta, bai, galtzeak min ematen du, eta larunbatean galdu genuen bezala galtzeak are gehiago. Ez zen une gozoa izan, eta gauden egoerak ere ez du laguntzen. Baina astelehenean aste berriari ekin genion, penak alde batera utzita eta datorrenari begira jarrita.

Astebete pasatxo daramazu Garmendipen lanean. Zer aurkitu duzu?

Prestutasuna, erraztasunak eta gertutasuna aurkitu ditut, bai jokalarien aldetik, bai zuzendaritzaren aldetik eta klubean lanean ari diren guztien partetik. Lanerako giroa eta baldintzak ezinhobeak dira. Lantaldearekin ere oso gustura nago. Iñigo Saizar daukat ondoan, Lagun Onaken ibilbide luzea egindakoa, klubaren erreferente bat, eta taldea eta jokalariak ondo ezagutzen dituena; prestatzaile fisikoarekin eta fisioterapeutarekin, talde ona osatzen dugu. Orain, noski, emaitzak lortzea da behar duguna.

Bost jardunalditan puntu bakarra batu du taldeak. Zulotik irteteko gai ikusten al duzu?

Noski, bestela ez nintzen lanean hasiko. Egia da taldea dinamika txarrean sartuta dagoela. Joan den deboraldian hasi zen bolada txarra, denboraldi berriaren hasiera ez da batere ona izaten ari emaitzei dagokienez, eta horrelakoetan ez da erraza izaten buelta ematea. Jokalariak gazteak dira, eta mentalki gogorra egiten da lan egitea eta emaitzarik ez jasotzea. Baina nik taldea ondo ikusten dut, lanerako gogoarekin eta jarrera oso onarekin, egoera zaila izan arren. Gozamena da jokalariak entrenamenduetan nola aritzen diren ikustea. Uste dut aurreko entrenatzaileek lan ona egin zutela, baina badakigu emaitzek agintzen dutela. Emaitza on pare bat kateatzea da behar duguna, egoerari buelta ematen hasteko.

Zer indargune ikusten dizkiozu taldeari? Eta dituen ahulguneak?

Bost partidatan hamabi gol sartu dizkiote taldeari; beraz, argi dago defentsiboki badugula zer hobetua. Aurre aldean, berriz, kalitate handiko jokalariak ditugu, uste dut Hirugarren Mailako edozein taldek gustura hartuko lituzkeela guk ditugun jokalari horiek. Baina, esan bezala, taldeari ikusten diodan gauzarik onena da lanerako erakusten ari den grina.

Zeuk zer eskain dezakezula iruditzen zaizu?

Entrenatzaile enpatikoa naizela esango nuke, jokalarien tokian jartzen saiatzen den horietakoa; neuk urte asko eman ditut futbolean jokatzen. Bestetik, zelaian taldea indartsu eta bizitasunarekin aritzea gustatzen zait, intentsitatearekin jokatzea. Jokalariek partidak eta jokoa irakurtzen jakitea ere garrantzitsua da niretzat, une bakoitzak zer eskatzen duen jakitea eta horren arabera erabakiak hartzea.

Tolosan ibilbide oparoa bete ondoren onartu duzu Lagun Onaken erronka. Zerk bultzatu zaitu onartzera?

Neuk erabaki nuen Tolosako etapa ixtea, maiatzean. Orain Lagun Onak nirekin akordatzea pozgarria izan da. Talde historikoa da Lagun Onak Gipuzkoako futbolean. Azken urte honetan larri dabilen arren, aurreko denboraldietan emaitza on asko lortzetik zetorren, Bigarren B Mailara igotzeko play-offa, tartean. Klub garrantzitsua da; eta erronka polita, niretzat, Azpeitiko taldea zuzentzea.

Soduperen zelaian duzue hurrengo hitzordua. Nola dago taldea?

Baja bakarra daukagu, Aimar Leundarena. Gainerako jokalari guztiak jokatzeko moduan daude. Talde bizkaitar gehienek urte batetik bestera jokalari asko aldatzen dituzte, beti indartzen dituzte taldeak onerako, eta Sodupek ere horrela egin du. Aurkari gogorra izango da, baina ea gauzak ondo egitea eta hainbeste behar dugun lehen emaitza on hori eskuratzea lortzen dugun.