Euskaraldia 2020

2.118 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren aurtengo edizioan Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko aza. 25a, 16:00

Horietatik 2.014k ahobizi rola hartu dute, eta 104k dira belarriprest aukeratu dutenak. Guztira, 1.306 emakumek eta 812 gizonek egin dute bat Euskaraldiaren aurtengo edizioarekin herrian. Datozen egunetan, bertso-paper lehiaketaren sari banaketa nahiz Goazenen eta Mikel Urdangarinen kontzertuak izango dira herrian, Euskaraldiari lotuta.

Atzo itxi zuten aurtengo Euskaraldian izena emateko epea, eta behin-betiko datuak jakinarazi dituzte dagoeneko: Azpeitian 2.118 herritarrek eman dute izena egitasmoan. Horietatik 2.014k ahobizi rola hartu dute, eta 104k dira belarriprest aukeratu dutenak. Guztira, 1.306 emakumek eta 812 gizonek egin dute bat Euskaraldiaren aurtengo edizioarekin herrian.

Aurtengo Euskaraldia egoera oso berezian iritsi da Euskal Herrira; izan ere, koronabirusaren pandemiak eragin zuzena izan du. Dena den, asko dira joan zen ostiralaz geroztik martxan den eta abenduaren 4an bukatuko den hizkuntza ohituretan eragiteko sortutako egitasmoan parte hartzen ari diren herritarrak. Duela bi urte egin zen lehen aldiz Euskaraldia, eta orduko hartan, 2.800 lagun inguruk parte hartu zuten Azpeitian.

Goazen eta Mikel Urdangarin

Azpeitiko Euskaraldiaren talde sustatzaileak eta Kulturaz kooperatibak bi ekitaldi antolatu ditu egunotarako. Igandean, Goazen 7.0 kontzertuaren bi saio izango dira, 17:00etan eta 19:00etan, Soreasu antzokian, eta dagoeneko sarrera guztiak agortu dira.

Horrez gain, abenduaren 4an, Euskaraldia bukatuko den egunean, Mikel Urdaingarinek Izurdeen lekua diskoa aurkezteko kontzertua emango du Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Kontzertu horretarako sarrerak Kulturazen webgunean eros daitezke, 12,5 euroren trukean.

Bestalde, Erniarriatz bertsozale elkarteak bertso-paper lehiaketa antolatu du aurtengo edizioari lotuta, eta dagoeneko bukatu da lanak aurkezteko epea. Larunbatean egingo dute sari banaketa ekitaldia udaletxean.