Zestoako Amabiturrieta kobara itzuli da Antxieta arkeologia taldea

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 25a, 09:21

Antxieta arkeologia taldea miatze eta behaketa lanean hasi da berriro, lehendik egindakoak berrikusteko eta balizko aurkikuntza berriak dokumentatzeko.

Lau urte eta gero, Zestoako Amabiturrieta kobazulora itzuli ziren joan den igandean Azpeitiko Antxieta arkeologia taldeko kideak. 2014tik, lehendik ezagutzen dituzten kobak "berriskusten" dabiltza Antxietakoak, gaur egungo metodologia eta teknologia berriak erabiliz, eta egitasmo horren barruan kokatu dute Amabiturrietan hasi dituzten miatze eta behaketa lan berriak,

1996an Zestoan bertan Irikaitz Behe Paleolitoko aztarnategia aurkitu ondoren egin zituzten Amabiturrietan lehen ikerketa lanak Antxietako kideek, 1997an. "Kobazulo hau antzinatik zen ezaguna Zestoako jendearentzat, bertatik irteten direlako Urola ibaira Aizarnako eta Akua bailarako urak", azaldu dute. "Mendi barruko uren surgentzi edo jaiotza hauek nahiko konplikatuak izaten dira ikertzeko, eta lehenengo miaketan azaleko aurkikuntza bakar batzuk egin ondoren, dokumentatu genuen eta gerora gehiago aztertzeko laga genuen". 2015ean itzuli ziren, hain zuzen, Amabiturrietara, eta galeria berri batzuk aurkitu ere bai. Aurkikuntza berriak ikertzeko Zestoako espeleologia taldeko kideen laguntza izan zuten. 2016an, ordea, espeleologoetako batek istripu larria izan zuen koba barruan, eta berriro "aparkatuta" utzi zituzten Amabiturrietaren barrunbeak hobeto ezagutzeko lanak.

2020an itzuli dira, azkenean, haitzulora, asmo jakin batekin: "Gure asmoa 2021. urterako barruko ikerketaren jarraipena berrikustea da, dokumentazioa eta materialak prestatuta, Gipuzkoako Katalogo Arkeologikoan katalogatzeko asmoarekin". Ikerketa berrien fruituak "positiboak" badira, gainera, ondarearen babesa eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari Amabiturrietarentzat.