Euskaraldia 2020

Arnasguneen arnasa luzatzeko

Berria 2020ko aza. 24a, 15:59
'Belarriprest' eta 'ahobizi' txapak.

Euskararen erabilera oso hedatuta dago Azpeitian: kaleko paisaian nagusi den hizkuntza da, eta kaleko elkarrizketa gehienetan presente dago. Halere, Euskaraldian parte hartzeko arrazoiak ere badaudela diote Euskara zinegotziak eta ariketaren dinamizatzaileak. Egoera hori indartu behar baita. Berrian erreportaje hau egin dute horren harira.

Ariketa egin daiteke, eta Azpeitira (Gipuzkoa) joan, bertako kaleetan euskararen presentzia zenbaterainokoa den ikustera. Bisitariak ikusi ahal izango du, esaterako, merkataritzako erakusleiho ia denetako kartel guztiak euskara hutsean daudela, eta hala ez dagoen kasu bakanetan gaztelania bigarren hizkuntza dela. Herriguneko kaleetan ohi baino jende gutxiago dabil pandemiak eragindako murrizketa sozialak eraginda, baina egoera horretan ere euskara ahoz aho entzun daiteke herritarren artean. Erdigunetik asko urrundu gabe, anbulatorio inguruan edo eskolako patioan ere kasik ez da beste hizkuntzarik entzuten. Olatz Goenaga dendariak esandakoak argi erakusten du euskara zenbat erabiltzen den: "Hemen zaila izaten da gazteleraz hitz egitea".

Egoera hori izanda ere, hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen ariketa soziala antolatu dute Azpeitian. Nabarmentzeko modukoa da, gainera, Euskaraldiarekin bat egin duten parte hartzaileen kopurua: 203 entitatek 550 arigune sortu dituzte —300 barnekoak, eta 250 kanpokoak—, eta 2.200 herritar inguruk eman dute izena ahobizi edo belarriprest roletan. "Izena eman dugu, jendeak jakin dezan hemen euskaraz egin dezaketela lasai", jarraitu du esaten Goenagak bere belar dendako arigunean. Arnasgune izanda ere, ariketa egitea garrantzitsua baita euskararen arnasa luzatuko baldin bada.

Eneritz Albizu Azpeitiko Euskara zinegotzia da, eta, dioenez, euskararen kaleko erabilera handia izanagatik ere, garrantzitsua da antzeko ekinaldiak antolatzea: "Egia da guretzat naturala dela euskaraz egitea, arau sozial bat dela, baina guk ere baditugu aldatu beharreko ohiturak, eta egunerokoan ikusten dugu badaudela gauza asko euskaraz egin ditzakegunak". Erdarara jotzen baitute askotan, horretaz jakitun izan gabe. Horregatik, herritar askok esan izan diote Imanol Amiano Azpeitiko Euskaraldiaren dinamizatzaileari ez zutela antzeko ekinaldirik behar eurenean. Euskaraz asko hitz egiten delako: "Baina zer egiten dute euskaraz? Kaleko harreman hori egiten dute, bai, eta hori oso garrantzitsua da. Baina beste hainbat esparrutara zabaltzean gaztelerara jotzen dute askok".

(Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean)