Korta saria jaso du Jose Luis Larrañagak

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 23a, 20:53
Lau sarituak, Arantxa Tapia sailburuarekin. Ezkerretik bigarrena da Larrañaga, Sarralle Taldearen sortzailea. (Eusko Jaurlaritza)

Sarralle Taldearen sortzailea da Larrañaga, eta beretzat izan da gaur arratsaldean banatu dituzten Korta sarietako bat. Korta familia eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioa izan dira Larrañagari saria ematea proposatu dutenak, eta aitortu du horrek "poz handia" eman diola.

Jose Luis Larrañaga Azpeitiko Sarralle Taldearen sortzaileari eman diote aurtengo Korta sarietako bat. Korta sendia eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioa izan dira enpresaburu azkoitiarra saritzea proposatu dutenak, eta Larrañagak aitortu du "poz handia" eman diola horrek. Bidetik fundazioak Larrañagaren hainbat balio goraipatu ditu, baina beste guztien gainetik nabarmendu du genero berdintasuna lortzeko bidean enpresan egin duen lana, eta aipamen berezia egin die emakumeak zuzendaritza karguetarako prestatzeko duela urte batzuk sortu zituzten Sarralle Grow bekei.

Larrañagaz gain, Jesus Maria Gibelalde, Jose Maria Bergaretxe eta Antton Suquiari enpresaburuak ere saritu dituzte gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin duten ekitaldian. Egoerara egokitutako ekitaldia izan da, beste urteetakoa baino murritzagoa, eta han egoterik izan ez dutenek ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera izan dute streaming bidez.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu izan da ekitaldia gidatu duena, eta han izan dira Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko eta Adegi, Cebek, Confebask eta SEA patronaletako ordezkariak ere; horiek izan dira Korta sarietako epaimahaia osatu dutenak ere. Tapiak azaldu duenez, "jarduera profesionala jorratu duten sektoreetan erakutsi duten konpromisoagatik, eta enpresako balioak garatzen, enpresak irekitzen eta jarduera eta lanpostu berriak sortzen izan duten garrantziagatik" erabaki dute aurten lau enpresaburu horiek saritzea.

Joxe Mari Korta Sariak 2000. urtean sortu zituzten, "euskal ekosistema ekonomikoaren buru diren eta beren inbertsioarekin eta lanarekin enplegua eta aberastasuna sortzen duten pertsonen ezaugarriak eta ahalegina jendaurrean saritzeko". Sarietarako hautagaiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalek, merkataritza erakundeek, profesionalen elkargoek eta enpresek proposa ditzakete, eta baita Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak ere.