Marcia Geraldino: "Denborarekin ikusi dut sortu zidan ikarak indartu egin nauela"

Julene Frantzesena 2020ko aza. 25a, 11:16
Marcia Geraldino 'Vivir con un narcisista' liburua eskuetan duela.

Marcia Geraldino (Santo Domingo, Dominikar Errepublika, 1975) Azpeitiko bizilagunak indarkeria matxistaren hatzaparretan eman ditu urteak. Bere bizipenetan oinarritutako Vivir con un narcisista liburua kaleratu zuen apirilean, eta orduz geroztik, idatzi eta idatzi ari da, barrua husten. Bizi izandakoaz luze hitz egin du Uztarria.eus-ekin.

Nolatan idatzi zenuen zure bizipenetan oinarritutako liburua?

Lur jota nengoen, eta negar besterik egiten ez nuen une batean sortu zitzaidan ideia. Psikologoarekin eta abokatuarekin egoten nintzen aldiro paper pila bat irakurri behar izaten nituen, eta paper artean nenbilela, batxilergoko titulua aurkitu nuen. Hura ikustean bikotekide ohiak esan zidan esaldi batekin oroitu nintzen: "Zuk ez duzu DBHko titulurik ere!". Deuseztuta nengoen erabat; izan ere, idazten ez nekiela eta letra oso zatarra nuela esaten zidan hark. Egiten nekiena egiteari utzi nion, ez nintzela gai edo egiten ez nekiela esaten zidalako. Egun batean, ez dakit nola, baina idazteari ekin nion; nire bizitzari buruzko eleberria idatzi nuen.

Zer jaso duzu nobelan?

Gizon batekin elkartzen diren eta gorputz eta arima hari entregatzen diren emakumeen istorio bat jaso dut; hau da, maitemindu eta dena alde batera uzten duten emakume horiena. Ikasi dudan guztia ere jaso dut liburuan: bikotekidea baino gutxiago ez sentitzea beharrezkoa dela; norbere burua baloratzeak eta maitatzeak zer garrantzia duen; umiliatzen ez dela utzi behar; inor ez dela bakarrik gelditzen bizitza honetan; dena pasatu egiten dela; emakumeok ez garen gisan, gizon guztiak ez direla berdinak; eta beti ez dela irabazten. Izan ere, borrokan bataila asko galdu ditut nik.

Zer egoeratan zaude?

Aurki beste hitzordu bat daukat epaitegian; kasu honetan, umeak ikusteko moduari lotutakoa. Nik tratu txarrak jasaten nituen, baina nire umeek ere bai. Tratu txarrak jotzearekin lotzen ditugu beti, baina ez da horrela: tratu txarra ematea da aitak umeari ama hil egingo dutela eta berarekin geldituko dela esatea, adibidez. Umeek ere asko sufritzen dute. Asko dira umeengatik etxetik alde egitera ausartzen ez diren emakumeak, besteak beste, kritikek, jendeak esango duenak, bizimodua aurrera ateratzeko beldurrak eta seme-alaben ongizateak kezkatzen dituztelako. Dena den, irten daiteke egoera gogorretatik; zoriontsu izateko ez da behar nik ez dakit zer. Nahikoa da baloratzen, errespetatzen eta estimatzen zaituen norbait alboan izatea.

Nolakoa zen zuen harremana?

Eibarren [Gipuzkoa] bizi nintzen alabarekin, eta han ezagutu nuen nire bikotekide zena. Hasieran dena polita zen, maitemindu egin nintzen. Hotel bateko harreran egiten nuen lan, eta Eibarko Unibertsitatean kontabilitateko gradu bat egiten ari nintzen. Ezagutu eta hilabetera, lanik gabe gelditu zen bikotekidea, eta bi aukera zituela esan zidan: Andaluziara [Espainia] itzuli edo nirekin bizi. Zalantzarik gabe, nirekin gelditzeko esan nion; etxeko atea ireki nion. Etxeko gastu guztiak nik ordaintzen nituen, baita bere hainbat erosketa ere; langabezian zegoen. Baina hilabeteak, urteak pasatu ziren, eta erabat aldatu nintzen: ez nuen niretzat arroparik erosten, ez nintzen prestatzen, ile-apaindegira ez nintzen joaten... Gainera, zenbait arropa ez janzteko esaten zidan, eta nik kasu egiten nion. Horrez gain, nire familiarengandik urruntzen hasi nintzen, ez zuelako nahi izaten haiengana joan. Bidaiatzea asko gustatzen zait, baina sasoi hartan, hori ere ez nuen egiten. Irabazten nuen guztia etxeko gastuak ordaintzeko erabiltzen genuen.

Noiz hasi zen egoera gaiztotzen?

Harremana hasi eta hiru urtera, ume bat izan nahi zuela esan zidan, eta maiteminduta nengoenez, ez nuen zalantzarik egin. Hilabete batzuk pasatuta, haurdun gelditu nintzen. Sasoi hartan, lanean hasi zen berriz ere, eta orduan etorri ziren arazoak. Aldatzen hasi zen; arratsaldean gimnasiora joan eta gauerdian itzultzen zen; iraindu egiten ninduen... Egun batean, izugarrizko iskanbila izan genuen, eta Mendaroko Ospitalera eraman behar izan ninduten anbulantzian. Haurra galtzeko eta ni hiltzeko arriskua zegoela eta, handik Donostiara eraman ninduten helikopteroz. Zortzi egun egin nituen erietxean, eta gauza bakarraz oroitzen naiz. Alta eman zidanean, hala esan zidan medikuak: "Norbaitegatik negar egin behar baduzu, horiek zure seme-alabak dira. Lasaitasuna behar duzu; bestela ez zarete bizirik aterako ez sabelean duzun alaba, ez zu".

Zer egin zenuen?

Haurdunaldiko gainerako lau hilabeteetan irainak, mespretxuak, umiliazioak eta abar jasan nituen. Arriskuko haurdunaldia zela eta, atseden hartu behar nuela esan zidaten medikuek. Sexu harremanik ez izatea gomendatu zidaten, baina atsegin eman behar izaten nion; zerbait gertatzeko beldurrez, baina harremanak izan behar izaten nituen. Gerora, psikologoen laguntzarekin ulertu nuen hori indarkeria dela; izan ere, nik ez nuen nahi harremanik izatea. Batzuetan, zure bikotekideak bortxatu egiten zaitu, eta zu ez zara ohartzen. Eta bera ere ez: nire bikotekidea zelako horretarako eskubidea zuela pentsatuko zuen.

Gau batean, ohera joan eta urak hautsi nituen, baina bikotekidea ez zegoen etxean. Mendarora joateko prestatu ginen alaba eta biok, eta etxetik irtetera gindoazela, bikotekidea iritsi zen. Izugarrizko alkohol kiratsa zuen, eta gauza bakarra esan nion: ospitalera eramateko. Gauerdia pasatxoan ingresatu ninduten, eta handik aurrera bizi izan nuena txakur bati ere ez diot opa. Izugarrizko minak nituen, bikotekidea ez zitzaidan gerturatu ere egiten, berdin zitzaion zer gertatzen zen... Hura gelatik ateratzeko eskatu nien medikuei, baina erditzeko unean sartzeko esan nion.

Eta etxera itzultzean, zer?

Irainak berriz ere. Erditu, etxera iritsi eta ordu gutxira ez nuela ezertarako balio esan zidan. Orduantxe erreakzionatu nuen: esan nion ezin genuela batera bizi. Alde egiteko esan nion, baina ez zuen batere ondo hartu esandakoa. Alabaren zaintza nahi zuela eta abar esan zizkidan. Ezin nuen sinetsi. Haurra hartu eta logelara joan nintzen hura lokartzera. Horretan ari nintzela, bultzada eman eta lurrera bota ninduen. Armairuaren kontra kolpea hartu nuen, eta esan nion haraino iritsi ginela. Berehala hasi zen barkamen eske, baina aldi berean, etxetik ez zela joango esaten zidan. Hori dela eta, Ertzaintzari deitu nion. Bikotekidea deklaratzera eraman zuten, eta ni ospitalera.

Salaketa jarri al zenuen?

Nik etxean lasai egotea nahi nuen; bi ordu ere ez ziren pasatu erditu eta etxera iritsi nintzela, eta berriz ospitalean nengoen. Dena den, nire alabaren aita izanik, ez nion bikotekideari minik egin nahi. Salaketa jarri nuen, eta epaiketa azkar batera deitu gintuzten hurrengo egunean. Orduan jakin nuen lehendik ere bazituela arazo batzuk –ez indarkeria matxistagatik–. Nik ez nekien ezertxo ere; esaerak dioen moduan, deabrua nuen etxean eta ez nuen ezagutzen. Salaketa ez jartzeko eskatu zidan, bigarren delitua izanik espetxera joateko arriskua izan zezakeelako. Epaiketan ez nuen papera sinatu, eta ez zioten zigorrik ezarri; nik nahi nuena zen hari alaba ikusteko bisiten erregimena ezartzea.

Lortu al zenuen?

Ez, hori izan zen akatsa. Salaketa lehenengo erasoan jarri behar da; penak ez du ezertarako balio. Ni behin jo ninduen, baina... Lehen aldi hartan papera ez nuen sinatu, eta ordainetan, zazpi urtez bizitza ezinezkoa egin dit. Halako pertsonak ez dira aldatzen. Dena den, lehenago edo beranduago, baina iristen da bakea. Lasai nago orain, umeak nirekin daude, eta gizon hori nigandik urrun dago. Denborarekin ikusi dut –berak ere bai– sortu zidan ikarak indartu egin nauela; ahaldundutako emakume bat naiz orain.

Umeek nola bizi izan dute egoera?

Niri eman zidaten zaintzaren ardura, eta berari elkartze puntudun bisita eskubidea; umea ikusi nahi badu, Azpeitira etorri behar du. Dena den, egun batetik bestera bisitetara etortzeari utzi zion. Berriz ere epaitegira joan ginen egoera zela eta; izan ere, egun batean agertu zen, gero lau hilabetez ez... Epaiketa haren ostean aldaketak egin zituzten bisiten erregimenean, baina berriz ere hitzorduetara huts egiten hasi zen, lana aitzakiatzat jarrita. Urtebete da umea bisitatzera etorri ez dela.

Nola eragin dizu bizi izan duzun egoerak?

Depresioa izan dut, ilea erori zitzaidan, galduta sentitzen nintzen... Egoera horretan nintzela, joan zen urtean, Azpeitira etorri nintzen bizitzera, eta orduan hasi zitzaizkidan laguntzen Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako kideak. Psikologoak esaten zidan borrokatu egin behar nuela, eta halaxe egin nuen, jasotzen nuen laguntza psikologikoari esker. Ikaragarri lagundu didate.

Laguntza eskatzea asko kostatu al zitzaizun?

Beldurrak eta jendeak esan dezakeenak asko kezkatzen gaitu. Nik lehen aldiz Eibarko Gizarte Zerbitzuetan eskatu nuen laguntza, eta hara iritsi nintzenean, “nik zer egiten dut hemen?”, esaten nion neure buruari. Baina hango profesionalekin hitz egin orduko hasi nintzen lasaitzen, oso gertuko tratua jaso nuen; oso gertu sentitu nuen lehen arreta eskaini zidan pertsona. Asko lagundu didate gauza guztietan.

Zer esango zenioke halako edo antzeko egoera batean aurki daitekeen emakume bati?

Laguntza eskatzeko lehen-lehenik, Gizarte Zerbitzuetako ateak zabalik dituelako. Indarkeria jasan baldin badu, lehenengoan salatzeko ere esango nioke: etxeko atea ireki, poliziarengana joan eta salatu. Eta salatutako gertakaria jasotzen duen dokumentua irakurtzeko ere gomendatuko nioke; izan ere, urduritasunak tarteko, batzuetan ez dira gauzak behar bezala azaltzen, eta azalpenak zuk esandako moduan jasotzen ditu salaketa idazten ari denak. Horregatik, salaketa dokumentua irakurri egin behar da sinatu aurretik. Eta garbi izan: abusua ez da kolpatzea soilik; abusua da gaizki begiratzea, iraintzea edo harreman sexualak derrigortuta izatea. 

Bestalde, beste gurasoagatik umeei gaizki esaka ez aritzeko eskatuko nieke. Haurrek ez dute sufritu behar, arazoak gurasoenak dira. Umeak haziko dira, eta garaia iristen zaienean, beraiek egingo dute beren irakurketa, baina bitartean, gozatu umeekin. Izan ere, zuk ondo egon behar duzu seme-alabak ere hala egon daitezen.

Bide horretan, zer ikasi duzu?

Konpainia txarrean egotea baino hobe dela bikoterik ez izatea. Bakardadea maitatzen ikasi dut; etxera iritsi, sofan etzan eta "ederki nago ba" esaten ikasi dut. Eta pazientzia izaten ere bai. 45 urte ditut, eta bizitzaren onenean nagoela sentitzen dut. Idazten ari naiz, eta horretan segitu nahi dut; kateatuta nago, nolabait esateko. Gainera, oso harro nago ditudan bi alabez. Barne lasaitasuna daukat, eta ez dago hori bezalakorik. Zoriontasuna lasai egoteak, pozik bizitzeak eta zeure buruarekin seguru egoteak ematen du; hori da ikasi dudana.