Plastikoek ingurumenean sortzen dituzten arazoez jardun dute herriko eskoletan

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 23a, 14:55

Ekoetxeak antolatuta, Urola Bizirik eta Eguzki taldeetako kideak Karmelo Etxegarai, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeetan izan dira, LH5 eta LH6 mailetako ikasleei hitzaldiak ematen. Ikasleei erakutsi diete herriko erreketan eta ibaietan zenbat plastiko dagoen, eta azaldu diete plastiko horiek itsasorako bidea nola egiten duten eta han zer ondorio eragiten dituzten.

Plastikoen gehiegizko erabilerak eta plastikozko hondakinak oker kudeatzeak ondorio larriak eragiten ditu ingurumenean. Herritarrek lurrera botatzen dituzten hondakinetako askok ibaietan bukatzen dute, eta zuzen-zuzenan itsasora joaten dira. Datuak belduragarriak dira: minutuero zabor kamioikada bat plastiko ailegatzen da itsasora, eta ozeanoetan dauden hondakinen %80 plastikoak dira. Arazo horri irtenbidea emateko modu bakarra herritarren kontzientzian eragitea dela iritzita, joan den astean Ekoetxeak antolatutako sentsibilizazio kanpaina bat gauzatu zuten herriko ikastetxeetan. Urola Bizirik natur taldeko Luis Juaristi eta Eguzki talde ekologistako Gorka Alberdik Karmelo Etxegarai, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeetan izan ziren, LH5 eta LH6 mailetako ikasleei hitzaldiak ematen; 10 eta 12 urte bitarteko 343 gaztetxok parte hartu zuten saio horietan.

Plastikozko hondakinak gaizki kudeatzeak zer ondorio eragiten dituen erakusteko, herrian bertan grabatutako bideoak eta egindako argazkiak erabili zituzten hizlariek. Edukiontzietara egoki botatzen ez diren hondakinek zer bide egiten duten azaldu zieten ikasleei, nola joaten ibaietara, eta handik itsasora. Lurreko plastikoak ibaira joatea saihesteko zenbait herritan jarri dituzten sareen berri ere eman zuten hizlariek. Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako, Urretxuko eta Zumarragako adibideak aipatu zituzten; izan ere, udalerri horietako hainbat eremutan ibai hondako baranden azpikaldean sareak jarri dituzte, plastikoak uretara joan ez daitezen. Ibai Eder eta Errezil erreketan udalak egin berri dituen garbiketetan zenbat zabor atera duten ere azaldu zieten ikasleei, eta baita argazkitan erakutsi ere.