Koronabirusa Azpeitian

Hamabost positibo zenbatu dituzte Azpeitian ostiraletik igandera

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 23a, 13:54

Aurreko asteburuan baino zortzi gutxiago dira. Sei hauteman zituzten ostiralean, bost zapatuan eta lau atzo. 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa oso altua da oraindik herrian, baina milatik jaitsi da (923,28).

Pixkanaka, eta COVID-19aren hedapenaren bigarren oldarraldia gainditzetik oso urrun bada ere, positiboen agerraldiak apaltzen ari dira Azpeitian. Astelehenero lez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur jakinarazi ditu aurreko hiru egunetan herriz herri zenbatu dituzten positiboen kopuruak. Azpeitian, hamabost izan dira guztira –sei ostiralean, bost zapatuan eta lau atzo, igandea–, aurreko asteburuan baino zortzi gutxiago; hiru egun horietan 23 positibo hauteman zituzten herrian aurreko asteburuan.

100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa oso altua da oraindik Azpeitian, semaforo gorria piztuta duten herrien multzotik irteteko asko falta du oraindik –500eko tasatik jaitsi behar da horretarako–, baina milatik jaitsi da (923,28), aspaldiko partez.

Eskualdean, 77 positibo

Eskualdean, beste 77 kasu izan dira asteburuan. Orain zazpi egun emandako datuekin alderatuta, hemezortzi kasu gutxiago zenbatu dituzte –95 kasu izan ziren azaroaren 13tik 15era bitartean–. Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: 23 kasu izan dira guztira kostaldeko herri horretan. Azkoitian hogei positibo izan dituzte asteburuan, hamabost Azpeitian, Orion zazpi, lau Zestoan, hiruna Aian eta Zumaian, eta bi Getarian. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik izan asteburuan. 

100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen tasa kontuan hartuta, Azkoitia ere milatik jaitsi da: 967,55eko tasa du orain. Hala ere, semaforo gorria piztuta mantentzen da bi herrietan. Baita Orion ere; 1.105,43ko tasarekin, milako langa igarotzen duen herri bakarra da, Errezilekin batera, Urola Kostan. Zarautzen eta Zumaia semaforo laranja dute piztuta: 497,89ko eta 356,23ko tasak dituzte, hurrenez hurren.

Positibo gutxiago, baita proba gutxiago ere

Beheranzko joera hartu du pandemiak, eta atzo 500dik behera kasu izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 867 kasu izan ziren ostiralean, 641 larunbatean, eta 499 igandean. Esan bezala, PCR eta antigeno proba gutxiago ere egin dituzte –13.164tik 7.290era pasatu dira hiru eguneko epean–, baina hala ere beherakada horrek albiste positiboa izaten jarraitzen du.

449 pertsona zeuden atzo hiru lurraldeetako ospitaleetan, horietatik 141 Zaintza Intentsiboko Unitateetan (ZIU).

Nafarroako Gobernuak ez du oraindik asteburuan atzemandako kasuen berri eman.