Euskaraldia 2020

Baltasar Caballero: "Oso inportantea da euskaraz egitera animatzen zaituztenak inguruan izatea"

Nerea Uranga 2020ko aza. 22a, 18:33
Baltasar Caballero 'ahobizi' da Euskaraldian. (Argazkia: Nerea Uranga)

Orain dela bi urteko Euskaraldian belarriprest rolean parte hartu zuen, baina oraingo honetan ahobizi da Baltasar Caballero (Azkoitia, 1967) Azpeitiko bizilaguna. Egun, euskaraz bizi da Caballero, baina gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin euskaraz hitz egiteko ahaleginean jarraitzen du.

Zer dela eta parte hartuko duzu Euskaraldian?

Etxean dena euskaraz hitz egiten dut, lagun guztiekin ere euskaraz aritzen naiz; egun, ni euskaraz bizi naiz. Askotan, baina, toki batera joan eta han bildutako jendea ni iritsitakoan erdaraz hitz egiten hasten da. Hori ez da arazo bat, baina ez da gauza polit bat. Ni gero eta gehiago saiatzen naiz toki guztietan euskaraz egiten. Maila altuko elkarrizketa edo eztabaida batean, ordea, nik nahi dudan hori egoki azaltzeko erosoago sentitzen naiz erdaraz, euskaraz baino. Kasu horietan, askotan nire erruz, beste guztiak erdaraz hitz egiten hasten dira, eta horrek amorrua ematen dit. Ondorioz, ahal dudan guztietan euskaraz egiten saiatzen naiz, gero eta gehiago eta gehiagorekin egitea da nire erronka. Era horretan jokatzera nire bi seme-alabek bultzatu naute; haiek ez dute ulertzen beren aitak zertan jardun behar duen bazkaltzen ari garenean edota eztaibaidan ari garenean erdaraz. Nire inguruko giro guztia euskara aldera jotzen ari da, eta gero eta gusturago sentitzen naiz euskaraz; gero eta gehiago bizi naiz euskaraz, eta badut ordua horretarako. Dena den, hori ulertzeko jakin behar da gu izan garela eskolan euskararik ikasteko aukerarik izan ez dugun azken belaunaldikoak: Azkoitian eskola nazionalean ez genuen euskararik eduki, auzoko lagunartean ez genuen euskararik eduki, ezta familian ere. Orain, ordea, zortea daukat: emaztea, seme-alabak eta lagunak euskaldunak ditut, eta nire eguneroko jarduera ia guztietan euskara entzuten dut.

Hamalau urtera arte euskaraz ez zenuela batere hitz egin diozu.

Ezer ez nuen egiten euskaraz, ezta "egun on!” esan ere. Nik hamasei abizenak Extremadurakoak ditut. Haurra nintzenean, eskolan dena ematen genuen erdaraz eta auzoko kuadrillan, bi-hiru lagun ez beste guztiak, erdaldunak ziren. Alde horretatik aldaketa 15 urtetik aurrera egin nuen. 20 urterekin hasi nintzen euskara ikasten, Donostiako Ilazki euskaltegian. Han andereino on bat egokitu zitzaidan, eta beti atzetik bultzaka ibiltzen nuen euskaraz gehiago saiatu behar nuela  esanaz. Halakoak esaten zizkidan: “Balta zuk daukazun kuadrillarekin eta Azkoitian bizita, nola ez duzu egiten gehiago euskaraz?”. Garai hartan nire kuadrillan baziren bertsolariak, kazetariak, olerkariak… Ni, ordea, mailarik ez nuela pentsatuta, lotsatu egiten nintzen euskaraz egiten. Hala ere, kuadrillakoek euskaraz egitera animatzen ninduten, hala lortu nuen pixka bat euskaraz egiten hastea. Gero, Anaitasuna futbol taldean beste urrats bat egin nuen aurrera, han denak euskaraz egiten zidaten eta. Ondoren, emaztearekin elkartu nintzenean, euskaraz egiten hasteko benetako jauzia egin nuen.

Orain dela bi urteko Euskaraldian belarriprest rolean aritu zinen eta oraingoan ahobizi rolean ari zara. Zergatik aldaketa hori?

Euskaraldiaren orain bi urteko kanpaina hasi zenean, seme-alabek eta emazteak ahobizi bezala izena eman behar zutela esan zidaten: “Aita guk Euskaraldian parte hartzea nahi dugu eta ahobizi izango gara, eta zu zer?”. Hala erantzun nien, nik ez neukala han parte hartzeko euskara mailarik ezta ezer aportatzeko ere. Dena den, izena ematera eta txapa janztera animatu ninduten. Euskaraz hitz egiten txar-txarra naizela pentsatuta, belarriprest gisa eman nuen izena orduan. Bigarren Euskaraldi honetan, ordea, pentsatu dut ahobizi izatea egokitzen zaidala. Eta begira, ahobizi bezala eman dudan lehen pausoa elkarrizketa hau euskaraz egitea izan da.

Nahiz eta euskaraz jakin, oraindik zugana erdaraz jotzen duten pertsonak ba al daude?

Bai. Pertsona batzuek, baina, naiz eta ni haiei erdaraz zuzendu, beti euskaraz erantzuten eta hitz egiten didate. Era horretakoak dauzkat lagunartean, familian eta beste toki batzuetan. Esaterako, koinatuarengana joan eta nik hari erdaraz hitz egiten badiot, hark beti euskaraz erantzuten dit; ni belarriprest izan nintzen garaian, hura ahobizi zen. Lagun batzuekin gauza bera gertatzen zait, inoiz ez dute erdarara aldatzen ni haiek dauden multzora iritsitakoan. Hala esaten didate: “Balta sentitzen dut, baina badaukazu gaitasuna euskaraz egiteko, guk ez dugu erdaraz egingo eta hasi horretan. Zerbait ez baduzu ulertzen, galdetu eta azalduko dizugu”. Era horretan, gero eta lagun gehiagorekin egiten dut euskaraz, eta horrek asko pozten nau ni. Azken urteetan, ni lagun multzora iritsi eta euskaraz hasten naiz, eta besteek ere hala jarraitzen dute; hasi eta bukatu euskaraz egiten dugu. Dena den, oraindik gauza batzuk zailak egiten zaizkit euskaraz behar bezala adieraztea. Azkoitian, Bernardo Ezenarro enpresan egiten dut lan, eta han ere aukera dudan guztietan bezeroekin euskaraz egiten dut. Hemen inguruko bezeroak ditugu asko eta izugarri estimatzen dute telefonoz eta posta elektronikoz euskaraz egitea. Hori bai, gai teknikoen inguruan hitz egin behar dugunean askotan erdarara pasatzen naiz, horretan badaukat zer hobetu.

Zer da euskara zuretzako?

Gaur egun bizimodu bat da euskara niretzako, familian euskaraz bizi garelako. Ni euskaraz egiten entzunda seme-alabei poza azaleratzen zaie beren aurpegietan, eta poz hori izan da aurrera egitera bultzatu nauena. Urte batzuetan, futboleko eskola kiroleko eta Lagun Onakeko kadeteen entrenatzaile ere ibili nintzen, eta taldekideekin beti euskaraz egiten saiatu nintzen.

Zer esango zenioke euskaraz gutxi jakin eta hitz egitera ausartzen ez den bati?

Orain dela hamabost urte nire euskara maila orain baino baxuagoa zen, baina tiraka eta bultzaka aritu zaidan jendea izan dut aldamenean, eta hori inportantea da. Halako asko entzun behar izan ditut: “Balta, segi euskaraz!; Balta gaizki esan duzu, baina, mesedez, segi euskaraz…”. Euskaraz egitera eta horretan jarraitzera animatzen zaituen giroaz ingururatuta bizitzea oso inportantea da. Bada abesti bat burutik ezin dudana kendu: Nor, nori, nork. Kantu hura entzuten zen garaian euskaltegian nenbilen, eta ohean sartu eta hiru zutabe horiekin akordatuta izerdia eta dena ateratzen zitzaidan. Nire burura etortzen ziren hainbeste gauza eta denak batera: “Nork nori, intransitiboa, -k gabe, potentziala, baldintza, mugagabea…”. Zer zen hura! Hainbeste gauza batera! Euskaraz ikasteko irakurtzea ere ona zela esanda, Xabier Amurizaren Herri eta irri liburua irakurtzeko agindu zigun orduan euskaltegiko andereinoak.

Garrantzitsuak al dira Euskaraldia bezalako egitasmoak?

Bai, ia 150.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, horiek denak euskara aurrera ateratzeko ahaleginean ari gara egun hauetan. Sare bat osatzen dugu guztiok, eta helburu bati segika denok batera ari gara. Hobeto egingo dut euskaraz edo okerrago, baina denok batera ari gara, saiatzen ari gara eta horrek merezi du.