Lagun Onaken eta Anaitasunaren arteko derbia, Azkoitira

Lagun Onakek penaltia izan du partida irabazteko azken minutuetan, baina Mikel Ruiz Anaitasunako atezain zarauztarrak gelditu egin du penaltia. Hurrengo jokaldian, berriz, Julen Aramendik egin du derbia irabazteko gola Anaitasunarentzat.

Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoek eskuratu dute gaur, larunbata, Azpeitiko Garmendipe zelaian jokatu den derbia. Azkoitiarrek huts eta bat irabazi dute Azpeitian. 87. minutuan, Lagun Onakek penaltia izan du bere alde garaipena lortzeko, baina Mikel Ruiz Anaitasunako atezain zarauztarrak gelditu egin du Joanes Otamendik egindako jaurtiketa. Kontraerasoan atera dira azkoitiarrak segituan, eta Mikel Arzalluzek area barruan atea zeharkatzeko pasea eginda, Julen Aramendik egin du gola. Jokaldi horrek erabaki du derbia, Azpeitian. Gorrixek hiru puntu garrantzitsu lortu dituzte gaur, Azpeitian. 

Ezohiko derbia izan da. Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileengatik, gaur ez da bi taldeetako jarraitzailerik batu Garmendipe barruan; halere, zelaiaren kanpokaldean baziren bakarren batzuk. Nolanahi ere, giro hotzagoa izan da gaur derbian. Lehen zatiko hasierako minutuetan jokoaren ekimena azkoitiarrek hartu dute. Atzetik ateratzeko lanean ondo aritu da Anaitasuna, baina Lagun Onakek ere segituan aurreratu du presioa, Anaitasunari irteera zaildu eta baloia goian lapurtzeko asmoz. Lehen abaguneak etxeko taldeak egindakoak izan dira horrela. Anaitasunak ere lortu du, ordea, aurkariaren area zapaldu eta arriskua egitea.

Halere, aukera gehienak eta garbienak bigarren zatian egin dituzte bi taldeek. Bai Lagun Onakek eta bai Anaitasunak aukera onak egin dituzte golak egiteko. Lagun Onakeko Erik erdilariak izan du azpeitiarren aukera onena Olaizolaren jokaldi baten ondoren, baina baloia uste ez zuenean iritsi zaio oinetara eta ez du behar bezala amaitu jokaldia atea hutsik zuela. Anaitasunako Mikel Arzalluzek ere abagune ona sortu du eskuin hegaletik barneraldia eginda, eta ezkerrez baloia langara bidalita. 

Azken minutuetara, baina, hutsean iritsi da neurketa. Bi taldeek eskuetan zuten puntua ez galtzeko gogor egin dute lan, baina gaur Lagun Onakeko aulkian estreinaldia zuen Ander Avellanedak egindako aldaketek Lagun Onaki eman diote protagonismo handiagoa erasoan. Lagun Onak erasoan zela, 87. minutuan, epaileak Anaitasunako jokalari batek baloia area barruan eskuarekin ukitu duela adierazi du, etxekoen aldeko penaltia adieraziz. Ezker hegaletik egin dute erdiraketa etxekoek, eta baloiak Anaitasunako jokalari baten eskuan jo duela arrazoitu du. Lagun Onakek denboraldiko lehen garaipena lortzeko aukera aparta izan du une horretan, baina Joanes Otamendiren penalti jaurtiketa gelditzea lortu du Mikel Ruiz Anaitasunako atezanak. 

Gauzak zer diren, azkoitiarrak azkar atera dira kontraerasoan Lagun Onaken atearen bila, eta eskuin aldetik jokatuta, Mikel Arzalluzek area barruan egoera onean jaso du baloia. Aurrelariak azpi-azpitik egin du erdiraketa, eta baloiak Lagun Onakeko Bastida atezainak defendatzen zuen atea zeharkatu du. Beste aldetik zuzen eta bakarrik iritsi da Julen Aramendi, eta hegaleko jokalariak atea hutsean zela baloiari bultza eginda lortu du derbia irabazteko gola.

Lagun Onakek sailkapeneko azken postuan jarraituko du puntu batekin –partida bat gutxiago du jokatuta Azpeitiko futbol taldeak lehen jardunaldian atseden astea izan zutelako–. Anaitasunak, berriz, bere zortzigarren puntua eskuratu du gaur Azpeitian, eta bere multzoko sailkapeneko goiko postuetan kokatu da oraingoz. Azpeitiarrek Soduperen etxena jokatuko dute datorren asteburuan, eta azkoitiarrek etxean Santurtzi jasoko dute.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide