Kulturaz eta kultur industriaz hausnartzeko jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko Gaztetxeak

Kultura ala kultur industria? jardunaldiak antolatu ditu Gaztetxeak azaroaren 27rako eta abenduaren 4rako. Egun horietan hitzaldi bana eskainiko dute 18:00etan hasita, eta kultur ekoizpena nahiz artearen eta politikaren harremana izango dute hizpide. Kultur ekoizpena modu berri batean antolatzeko oinarriak jartzen hasteko garaia dela adierazi dute gazte asanbladako kideek, eta "hausnarketa sakon baten" aurreneko urrats gisa antolatu dituzte jardunaldiak.

Azpeitiko Gaztetxeak Kultura ala kultur industria? izeneko hitzaldi zikloa antolatu du, kultur kontzepzio desberdinen eta kultur ekoizpenaren inguruan hausnartzeko. Gaztetxeko kideez gain, askotariko arte disziplinetako sortzaileek ere bat egin dute jardunaldiekin. Azaroaren 27an COVID-19 garaia, aldaketa kulturala eta kulturaren industria solasaldia eskainiko dute, 18:00etan hasita. Abenduaren 4an, berriz, artearen eta politikaren harremana izango dute hizpide, eta Artea eta politika. Historiari begirada bat hitzaldia eskainiko dute. Bi solasaldiak 18:00etan hasiko dira, eta gazte asanbladako kideek jakinarazi dutenez, saioetara bertaratzeko "ezinbestekoa" izango da osasun neurriak errespetatzea. 

Kultura ala kultur industria?  jardunaldiak "hausnarketa sakon baten aurreneko urrats gisa" antolatu dituztela azaldu dute gazte asanbladako kideek, COVID-19ak azaleratu dituen hainbat auzik bultzatuta: "Instituzioetatik hartutako azken neurriek kulturaren kontzepzio merkantilista eta profesionalizatzailea dute oinarri, eta sektore jakin bati soilik egiten diote erreferentzia, modu horretan erabat mugatuz esparru profesionalizatutik kanpo kokatzen diren jardunak, izan produkzio kulturalaren esparruan zein beste hainbat eremutan, kirolean kasu".

Gaztetxeko kideen hitzetan, "kultura eta kultur industria sinonimo bezala erabiltzen dira gaur egun, eta kultur produkzioa eta kontsumoa erabat merkantilizatuta daudenez, jendeak kulturarekiko daukan pertzepzioa ere horretara mugatzen da". Beraiek, ordea, bestelakoa aldarrikatzen dute: "Industria kulturalak proposatzen duen kultur kontzepzioaren aurrean, kultur ekoizpena eta berau modu berri batean antolatzeko oinarriak jartzen hasteko garaia dela uste dugu, besteak beste, merkatu harremanetatik at kokatzen diren ekoizpen kulturalen aldeko hautua eginez edo artista kolektibo zein norbanakoen elkartasun sareak sortuz. Gaiaz elkarrekin hausnartzeko antolatu ditugu jardunaldiak".

Hona hemen Azpeitiko Gaztetxearen irakurketa osorik: 

Itxialdia, herriarteko mugikortasuna mugatzea, etxeratze agindua, talde handietan biltzeko debekua… Azken hilabeteotan gure egunerokotasuna zein gure jardun politikoa hankaz gora jarri dituzten neurri ugari inposatzen dihardute instituzio burgesek. Neurri horiek osasun krisialdiari aurre egiteko hartutakoak direla diote, eta beraz, aldi baterakoak dirudite, behin behinekoak. Baina errealitatea bestelakoa da: neurri horiek modernizazio kultural prozesu askoz zabalago baten baitan kokatu behar ditugu. Aldaketa guzti hauek etorkizunean hartuko duten forma zehatza zein izango den esatea zaila den arren, gizarteko esparru guztietan errotzea posible dela esatea eta mahaigaineratzea ezinbestekoa da.

Izan ere, bizitzen ari garena ez da osasun krisi baten kudeaketa; krisi ekonomiko baten kudeaketaren ondorio zuzenak pairatzen ari gara. Eta ongi dakigun bezala, edozein krisi ekonomikok aldaketa estruktural batzuen ezarpena eskatzen du nahitaez, birmoldatze horiek ekoizpen prozesuan zein gizarteko beste esparru guztietan eragin zuzena izanik. Hau da, aldaketa horiek gure egunerokotasuna etengabe berrantolatzen duten patroi kulturalak sortzen dituzte. Alde batetik, kontrol sozialerako teknologiaren garapenaren eta askatasun politikoen deuseztapenaren (sozializazio esparruen mugatzea, biltzeko debekua, mugimendu askatasunaren mugapena…) bidez; eta, bestetik, gure bizitza sozialaren berrantolaketa sakon baten bitartez. Pobreziaren hazkunde etengabea, langabeziaren igoera, oinarrizko beharrizanak bermatzen dituzten zerbitzuetan murrizketak, industria kulturalaren eta masa kulturako produktuen garapen izugarria, etab. Guzti horiek datorren agertoki politiko eta sozial berrirako oinarriak ezartzeko ezinbesteko interbentzio mekanismoak dira.

Kultura eta kultur industria sinonimo bezala erabiltzen dira gaur egun, eta kultur produkzioa eta kontsumoa erabat merkantilizatuta daudenez, ondorio gisa kulturarekiko daukagun pertzepzioa ere horretara mugatzen da. Kultur produkzioa eta kontsumoa momentu oro merkatuaren baitan mugitzen diren modu berean, kulturaren kudeaketa sozial zein instituzionala ere marko horren barnean kokatzen dira, merkatu harremanen pean erabat. Horren adibide dira pandemia egoera honetan hartu diren neurri eta inposatu diren debeku guztiak: profesionalak ez diren kolektiboek zein pertsonek beren jarduna aurrera emateko debekua, kultur ekitaldien aforoa nahiz iraupena mugatzea, sozializazio esparruen kriminalizazioa… Instituzioetatik hartutako neurri horiek kulturaren kontzepzio merkantilista eta profesionalizatzailea dute oinarri, eta sektore jakin bati soilik egiten diote erreferentzia, modu horretan erabat mugatuz esparru profesionalizatutik kanpo kokatzen diren jardunak, izan produkzio kulturalaren esparruan zein beste hainbat eremutan, kirolean kasu.

Industria kulturalak proposatzen digun kulturaren kontzepzioaren aurrean, argi diogu: kulturaz hitz egiten dugunean ez gara gizarteko gainerako esparruetatik at kokatzen den kultur industria merkantilizatuaz ari. Ekoizpen kulturalak berau sortzen den testuinguruari erantzuten dio, berau ekoizten duen talde sozialak mundua ulertzeko eta bertan jarduteko duen moduari, hain zuzen. Ikusi besterik ez dago azken urteetan kultur industriak gazteon idiotizazioan izan duen eragina. Horren aurrean, uste dugu kultura terminoaren kontzepzio zabalago baten hautu politikoarekin batera kultur ekoizpena eta berau antolatzeko modu berri baterako oinarriak jartzen hasteko ordua dela, merkatu harremanetatik at kokatzen diren ekoizpen kulturalen aldeko hautua eginez, artista kolektibo zein norbanakoen elkartasun sareak sortuz, ekoizpen kulturalak izan dezakeen funtzio politikoaren inguruan hausnartuz, eta abar.

Beraz, Azpeitiko Gaztetxetik, agente politiko eta kultural bezala, ezinbestekoa deritzogu testuinguru orokor honetan nahiz datozen hilabete zein urteetan emango diren aldaketa kulturaletan eta kultur produkzioaren esparruan industria kulturalak izango duen paperaren inguruan hausnartzea. Izan ere, burgesiak masa-kulturako produktuen zein komunikabideen bidez egoera honetan langile klasearen gainean gogor interbenitzeko ahalmena dauka; industria kulturala ezinbesteko papera jokatzen ari da langile klasearengan ulermen marko dominantea ezartzeko.

Horregatik gonbidatzen zaituztegu azaroaren 27an hasita bi aste iraungo duen hitzaldi ziklo honetan parte hartzera, eta modu horretan, bizi dugun testuinguruaren eta kulturaren inguruan hausnartu eta eredu berrien eraikuntzaren lehen oinarriak jartzera.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide