Koronabirusa Azpeitian

Ia bi hilabete eta gero, positiborik ez dute zenbatu Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko aza. 20a, 12:51
Abuztuaren 1etik atzora arteko positiboen eta astebeteko bataz bestekoaren grafikoa.

Positibo kopuruaren beherakada nabarmena izan da azken egunetan herrian. Azken zazpi egunetan 57 lagunek eman dute positibo PCR eta antigeno testetan, aurreko asteko ia erdiek. Azken zazpi egunetan zazpi lagunek eman dute positibo, batez beste. 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasak behera egin du, baina handia da oraindik ere: 1.069,41 zen tasa hori atzo.

Ia bi hilabete etenik gabe igaro ostean, Osakidetzak atzo ez zuen positiborik detektatu Azpeitian egindako koronabirusa atzemateko probetan. Osasun Sailak ez du zehazten zenbat PCR eta antigeno test gauzatzen dituen herri bakoitzean, baina atzokoan ere egin zituzten batzuk herrian; eta positibo kopuruen beherakada nabarmena da azken egunetan. Atzokoa salbuespena izan zen, dena den; izan ere, joan zen ostiraletik atzora bitartean 57 kasu zenbatu dituzte Azpeitian –joan zen astean 104 izan ziren–, horietatik 34 astelehenetik atzora bitartean. Azken zazpi egunetan zazpi lagunek eman dute positibo, batez beste. 

Osasun Sailak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko, eta beheko grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Irailaren bukaeratik urriaren amaierara etengabe hazi zen zenbateko hori Azpeitian; are gehiago, tasak goia jo zuen urriaren 30ean –1.700,43 izan zen egun hartako intzidentzia tasa–. Orduz geroztik, poliki bada ere, beheranzko joera hartu zuen positibotasun tasak, eta gaur-gaurkoz altua bada ere, nabarmen egin du behera: 1.069,41 zen tasa hori atzo; duela astebete, berriz, 1.248,75 zen.

Urola Erdiko bi herri handienen tasa ere ekarri du Uztarria.eus-ek goiko grafikora. Azpeitian bezalaxe, Azkoitian ere nabarmen egin du behera hamalau egunetako 100.000 biztanleko positibotasun tasak. Azpeitikoa baino baxuagoa da intzidentzia tasa orain: 967,55 –joan zen astean 1.309,52 zen–. Azkoitian joan zen azaroaren 6an jo zuen goia bi asteko positibotasun tasak; izan ere, egun hartan 1.459,67ra iritsi zen zenbatekoa. Osakidetzak gaur kaleratutako datuen arabera, hiru positibo zenbatu zituzten atzo Azkoitian; azken zazpi egunetan, berriz, 54 positibo.

Zestoan ere behera egin du intzidentzia tasak joan zen astetik, eta milatik behera kokatuta segitzen du: hain zuzen ere, atzoko datuei erreparatuz gero, 756,59 da tasa. Atzokoan lau positibo atzeman zituen Osakidetzak Zestoan, eta azken astebetean, berriz, hamar.

Grafikoan hainbat gorakada ikus daitezke, eta handiena, ezbairik gabe, urriaren bukaeratik azaroaren erdi aldera bitartean eman da Urola Erdian. Izan ere, pandemiak sasoi horretan jo du gogorren eskualdean. Aurretik beste gorakada batzuk ere ikus daitezke grafikoan: horiek koronabirus agerraldiekin eta fokuekin dute zer ikusia, baita baheketa selektiboekin ere.

Errezilgo datuak ere ez dira onak, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez –628 zehazki–, tasak eta batez bestekoak oso aldakorrak dira. Azken zazpi egunetan lau errezildarrek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan, eta herri horretako azken astebeteko 100.000 biztanleko positibotasun tasa 636,94 da –joan zen ostegunean, berriz, 1.751,54 zen–. Dena den, azken hamalau egunetakoa kontuan hartuz gero, jaisten ari bada ere, oraindik ere oso altua da tasa: 2.388,54.

Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako eta Errezilgo zazpi kasuez gain, Urola Kostan beste hainbat positibo ere detektatu zituen Osakidetzak: Getarian hiru, Orion bat, Zarautzen bost eta Zumaian lau.

1.092 positibo Hego Euskal Herrian

Atzo COVID-19a atzemateko 16.761 test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira, 1.092 kasu zenbatu dituzte. Behera egin du, beraz, proba egin eta positibo eman dutenen kopuruak: herritarren %6,52k eman zuten positibo testetan –herenegun %7,1ek–. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu dituzte positibo gehien: 412. Gipuzkoan, berriz, 407 atzeman dituzte, 109 Araban eta Nafarroan 157. Apaltzera egin du, beraz, positiboen kopuruak Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuena arabera, koronabirusa tarteko 62 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur egun 475 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan; horietatik 135 ZIUn. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du eman ospitaleen egoerari buruzko daturik.