Durangoko Azoka Azpeitira iritsiko da abenduaren 5etik 8ra bitartean

Julene Frantzesena 2020ko aza. 20a, 10:31
(Durangoko Azoka)

Durangon ez ezik, Euskal Herriko hainbat txokotan ere izango dira azokaren barruko ekitaldiak. Azpeitian, esaterako, Gatibu eta Sua taldeen kontzertuak izango dira abenduaren 5ean eta 8an, hurrenez hurren. Emanaldietarako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai.

Aurtengo Durangoko Azoka guztiz ezohikoa izango da. 55. edizioa pandemiaren eraginak markatu badu ere, egitarau oparoa prestatu dute abenduaren 5etik 8ra bitarterako. Durangon ez ezik, Euskal Herriko hainbat txokotan ere izango dira ekitaldiak, azokaren antolatzaileek gaur, ostirala, jakinarazi dutenez.

Hain zuzen ere, kontzertuak izango dira hainbat herritan, hala nola Amurrion, Gasteizen, Ondarroan, Bilbon, Bermeon, Donostian, Atarrabian nahiz Azpeitian –Ipar Euskal Herrian ezin izan dituzte antolatu, alarma egoera dela eta–. Gatibu eta Sua taldeek kontzertuak eskainiko dituzte: Gatiburen emanaldia abenduaren 5ean izango da Soreasu antzokian (19:00); eta Sua taldearena abenduaren 8an, Sanagustin kulturgunean (19:00). Emanaldi horietarako eta gainerako herrietan egingo dituztenetarako sarrerak bihar 11:00etan jarriko dituzte salgai, Durangoko Azokaren webgunean.

Nerea Mujika Durangoko Azokaren lehendakariak esan duenez, "inoiz baino beharrezkoagoa" zen aurten azoka antolatzea, "krisiak gogor kolpatu dituelako gizarte arlo guztiak, baina bereziki, kulturgintza eta euskalgintza". Haren arabera, aurtengo azoka prestatzea "benetako erronka" ari da izaten antolakuntzarentzat.