Bandaren Santa Zezilia eguneko kontzertua, bertan behera

Julene Frantzesena 2020ko aza. 20a, 07:45
Udal Musika Bandaren kontzertu bateko irudia.

Egoerak behartuta, musika bandaren jarduna geldirik dago; izan ere, Azpeitiko banda ez da talde profesionala, hau da, musikariak ez daude kontratupean. Ez da bandak pandemia hasi zenetik izan duen lehen etena, eta jardunari dagokionez, urtea "xelebrea" izaten ari dela azaldu du Unai Frantsesena zuzendariak.

Udal Musika Bandak kontzertu batekin ospatu behar zuen aurtengo Santa Zezilia eguna igandean, baina COVID-19aren pandemia tarteko, egun horretan ez da musika emanaldirik izango herrian. Urrian hasi ziren kontzertua prestatzen bandako kideak, baina koronabirusa zela-eta herrian sortutako egoeragatik bertan behera utzi behar izan zituzten entseguak. "Udalak esan zigun pare bat astez gelditzeko jarduna, eta epealdi hori pasatuta, esan ziguten has gintezkeela martxan, gehienez 25 lagun elkartzeko aukerarekin.Bandako batzordeak erabaki zuen ez zuela merezi horrela aritzeak", azaldu du Unai Frantsesena bandaren zuzendariak.

Sei bat entsegu eginda, kontzertuarekin aurrera jarraitu edo ez erabakitzeko zuten Eusko Jaurlaritzak duela bi aste neurri murriztaileak ezarri zituenean. "Ez gara banda profesional bat, herriko banda gara, eta ezin dugunez entseatu, kontzerturik ere ezin egin. Pixka bat arraroa da kontua; izan ere, bandakideak ez daude kontratatuta –horregatik ez da banda profesionala–, baina bandak badu kontratu bat ekitaldiak egiteko. Adibidez, musika eskolako parte izan balitz edo hezkuntzarekin lotura izango balu, arazorik gabe entseatu ahal izango luke bandak. Egoera xelebrea da, eta eztabaida handi samarra".

Egoerak behartuta, musika bandaren jarduna geldirik dago, eta haren arabera, etenaldiak izango dute eragina taldean: "Beti da hobe taldea martxan egotea; izan ere, talde bat ohiko jardunean ari denean forman egoten da bai irakurketan, bai instrumentuak jotzen...". Itzultzeko modua dutenean, "zerotik" hasi beharko dutela azaldu du, nahiz eta etenak urtero izaten dituztela jakinarazi duen: "Ikasturteka funtzionatzen dugu, eta geldialdiak –abuztuan, adibidez– nahiz garai lasaiagoak –sansebastian eta karnabal ingurua– izaten dira urtero. Berriz martxan hastea kostatu egingo zaigu, baina tira!".

Dena den, arlo guztietan eragin duen gisan, bandara ere iritsi dira koronabirusaren izurriaren albo-kalteak, eta aurtengoa urte "xelebrea" ari da izaten Azpeitiko Udal Musika Bandarentzat ere. "Jairik ez, etenaldi ugari...", azaldu du Frantsesenak. "Erritmorik gabe gabiltza, urteroko martxa galduta, baina halakoxea da egoera, eta hala beharko du. Itzultzean gogo handiarekin hastea espero dut; lanari ekiteko gogoa atera beharko dugu".