Argazkilaria

Agustin Arenas: "Lortu behar duzu txoriak ibiltzea beraien erara, eta zu zure erara"

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 20a, 17:00

Agustin Arenas (Azpeitia, 1958) azpeitiarraren Txoriyek erakusketa abenduaren 6ra arte egongo da ikusgai Betharram aretoan; astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.

‘Txoriyek’ erakusketa osatu duzu. Zer erakutsiko duzu?

13-14 urterekin hasi nintzen hegaztiei argazkiak ateratzen, eta nire gai maiteena izan da beti. Ikusgai jarriko ditudan 37 argazkietan, azken hamazazpi urteotako lana dago; gehienbat, azken urteotakoa. 

Non ateratako argazkiak dira?

Ez da kasualitatea erakusketaren izena Txoriyek izatea. Horrek esan nahi du txori gehienak  azpeitiarrak direla, eta argazki gehienak Azpeitian eta inguruetan ateratakoak. Badaude hemen oso nekez ikusten diren edo ikusten ez diren txoriei ateratakoak ere, eta horien bila joan behar izan dut Lleidara (Katalunia) eta Tarifara (Espainia), baina gehien-gehienak hemen ingurukoak dira. Seguru nago jende askok pentsatu ere ez duela egiten hemen horrelako hegaztiak ditugunik; nahiz eta oso gertu eduki, ez ditugu ezagutu ere egiten.

Ez da erraza izango txoriei argazki onak ateratzea. Nola moldatzen zara?

Kamera hartu eta txorien atzetik oso gutxitan ibiltzen naiz. Aspaldi ikasi nuen txoriei argazkiak ateratzera ezin dela joan ehizara bezela, ea gaur zer tokatzen den pentsatuta. Askoz hobe da gauzak aurrez ondo prestatzea, eta ekipo astunarekin joatea behin lana eginda daukazunean; lokalizatuta daukazunean habia bat, hegaztiak lotara, ura eratera edo jatera joaten diren leku bat...  Gauza asko hartu behar izaten dira kontuan. Adibidez, habia baten kasuan, ezin dena egin da habia hondatu. Oso-oso seguru egon behar duzu txitak jaiota daudela, eta jakin behar duzu noiz jaio diren eta zer fasetan dauden. Gero kontu handia izan behar duzu gurasoak ez daitezen ohartu zu han zabiltzala, ohartzen badira ez baitira natural ibiltzen, eta hori zeuri ere ez zaizu komeni. Lortu behar duzu txoriak beraien erara ibiltzea eta zu zure erara.

Argazkilaritzaz aparte, txoriez jakitea ere beharrezkoa da orduan...

Denborarekin ailegatzen zara txoriak pixka bat ezagutzera eta haiek bezala pentsatzera. 

Zer dute txoriek horren erakargarri egiten zaizuna?

Jendea dago txorizalea eta txorizalea ez dena, ardozalea eta ardozalea ez dena dagoen bezala. Txorizaleak dira txorizaleak, zergatik ez dakite, baina txoriak gustuko dituzte. Gozatu egiten dute txoriei begira, haiek aurkitzen, nola hegan egiten duten ikusten, eta urteekin txoriez ikasi ere egiten dute; horietakoa naiz ni. Maisu onak izan nituen, amaren familian denak ehiztariak baitira. Niretzat ere ehiza izan zen txoriekin izan nuen lehen harremana. Pare bat urtean jardun nuen, baina ez ninduen betetzen, nik txoriak bizirik nahi nituelako, bizirik eta gertu, eta argazkiak ateratzen hasi nintzen; gozatu egiten dut. Txori bat bost-sei metrora bere naturaltasun guztian ikustea ederra da, hitzez azaldu ezin den esperientzia. Batzuei ulertezina egingo zaie, baina bi txorizale elkartzen garenean, elkar ulertzen dugu.

Erraza egin al zaizu erakusketarako materiala hautatzea?

Aretoan sartzen dena baino askoz material gehiago daukat, baina onentsuenak aukeratzen saiatu naiz. 

Aurretik erakusketarik egindakoa zara?

Orain dela 45 urte egin nuen azkena, baina oraingoa izango da txoriei buruzko aurrena. 

Nolatan animatu zara orain?

Ikusi nuen materiala banuela, eta udalari proposatzea erabaki nuen. Herritarrei erakutsi nahi diet zertan ibiltzen naizen, eta bide batez, gustatuko litzaidake beste txorizale batzuk ezagutzea ere.

Argazkilari profesionala izandakoa zara. Gaur egun, zer da zuretzat argazkilaritza?

Zaletasun handi bat da; 13-14 urterekin hasi nintzen argazkiak egiten, eta oraindik ere jarraitu egiten dut, ez da egon etenik. 33 urtean ogibidea ere izan nuen, baina etapa horren aurretik eta horren ondoren ere argazkiak egiten jarraitu dut. Afizionatu bezala hasi nintzen eta afizionatu bezala bukatuko dut.

Zu hasi zinenetik hona, asko aldatuko zen argazkilaritza...

Mundu digitalak erraztasun handiak ekarri ditu, eta ari gara lortzen argazki batzuk orain dela berrogei urte ezinezkoak zirenak. Gaur dauden inprimitze teknikekin, marrazkiak diruditen argazkiak egiten ditugu. Kalitate onenko paperean eta pigmentu naturalekin, oso emaitza ederrak lor daitezke.