Labakak eta Aizpuru III.ak Binakako 50. Erremonte Txapelketan parte hartuko dute

Nerea Uranga 2020ko aza. 19a, 12:01
Binakako Erremonte Txapelketaren aurkezpena atzo. (Argazkia: Oriamendi)

Urrezko edizioa beteko du Binakako Erremonte Txapelketak, pandemiak baldintzatuta. Txapelketa Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan jokatuko da eta larunbatean, azaroaren 21ean, hasiko da. Hamar erremontistak parte hartuko dute, bost bikotetan banatuta. Labaka eta Aizpuru III.a erremontista azpeitiarrak dira lehian ariko diren erremontistetatik bi.

Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten Hernaniko Orona-Ideoren egoitzan Binakako 50. Erremonte Txapelketa. Aurtengo edizioa bi arrazoi tarteko berezia izango dela nabarmendu du txapelketaren antolatzailea den Oriamendi enpresak: "Aurreneko arrazoia, zalantzarik gabe, mundu mailako osasun krisia da, eta horrek ere erremontea baldintzatu egiten du, beste edozein ekitaldi bezala. Bigarren arrazoia da aurten txapelketak 50. edizioa ospatzen duela, beraz, urezko ezteiak betetzen ditu". Bi arrazoi horiek kontuan hartuta prestatu dute txapelketa, "kirolaren eta osasunaren arteko oreka bilatu nahi izan dugu".

Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko da larunbatean, azaroaren 21ean, hasita. Finala, berriz, 2021eko urtarrilaren 2an jokatuko da. Bost bikote ariko dira txapelketan eta denek denen aurka jokatuko dute. Labaka eta Aizpuru III.a erremontista azpeitiarrek txapelketan parte hartuko dute; Urriza bikotekide duela Labakak, eta Ansa II.a izango du bikotekidea Aizpuru III.ak. Txapelketan ariko diren gainontzeko hiru bikoteak dira: Juanenea-Larrañaga, Goikoetxea V.a-Endika eta Segurola-Barrenetxea IV.a.

Larunbatean jokatuko diren partidetako batean ariko da Labaka. Lehenengo partidan, Urrizak eta Labakak Juanenearen eta Larrañagaren kontra jokatuko dute. Bigarrenean, berriz, Segurolak eta Barrenetxea IV.ak Goikoetxea V.aren eta Endikaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Aizpuru III.ak atseden hartuko du.

Puntuazioa ohikoa izango dute txapelketan: lau puntu partida irabazteagatik, bi puntu 36-39 tantoren artean eginez gero, puntu bat 32-35 tantoren artean eginez gero, punturik ez 26-31 tantoren artean eginez gero, eta puntu bat kenduko da 25 tanto edo gutxiago eginez gero.

COVID-19aren eraginez ez dute txapelketaren partidarik atzeratuko antolatzaileek. Lau bikote sailkatuek abenduaren 26an neurtuko dituzte indarrak bi finalaurrekoetan. Partida batean, ligaxkako lehen bikoteak laugarren bikotearen aurka jokatuko du, eta beste neurketan bigarrenak hirugarrenaren kontra. Finalaurrekoetako bi bikote irabazleek jokatuko dute txapelketaren finala, 2021eko urtarrilaren 2an.

Iaz Binakako Erremonte Txapelketako txapelduna izan zen Larrañaga, Urrizarekin bikotea osatuta. Matxin III.aren eta Barrrenetxea IV.aren aurka irabazi zuten finala.