Abenduaren 13ra atzeratu dute Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 19a, 10:24

Azaroaren 29an ziren finala jokatzekoak, baina konfinamendu perimetrala tarteko, hitzordua atzeratzea erabaki dute. Mikel Larrañaga azpeitiarra lehiatuko da finalean, besteak beste. 

Azaroaren 29an ziren Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala jokatzekoak, baina antolatzaileek hitzordu hori atzeratzea erabaki dute, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz gizarteak bizi duen konfinamendu perimetrala dela eta. Izan ere, ikusleekin jokatu nahi dute finala antolatzaileek, eta gaur-gaurkoz, ezingo lukete inguruko herrietako ikusleek bertaratu. 

Hori dela eta, abenduaren 13ra –igandea– atzeratu dute finala. Aurreikusita bezala, Bilboko Arenan jokatuko dute, 12:00etan hasita, eta bertan izango dira eskualdeko hiru aizkolari: Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra. Horiez gain, Iker Vicente, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu lehiatuko dira.

Aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa da Sherpa.ai; izan ere, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen txapelketa kirolariek beraiek antolatzea erabaki zuten, bi aldeen artean zeuden desadostasunenak tarteko. Zestoan jokatu zuten kanporaketa, joan zen hilean.

Lotura honetan eros daitezke finalerako sarrerak.