Euskaraldia 2020

Asteartera arte luzatu dute Euskaraldian izena emateko epea

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 19a, 08:47
Euskaraldiko izen-emate mahaiak Sanagustinpean, joan den zapatuan. Bihar eta etzi ere jarriko dituzte. (Ihintza Elustondo)

Bihar hasi eta abenduaren 4an bukatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, baina azaroaren 24a arte izango da ahobizi edo belarriprest rolak aukeratu eta izena emateko aukera. Azpeitian, bihar eta etzi berriro jarriko dituzte mahaiak plazan, izena emateko edota txapak jasotzeko.

Bihar bertan hasiko da euskaldunen hizkuntza ohiturak eraldatzea helburu duen Euskaraldiaren bigarren edizioa. Oraindik ahobizi edo belarriprest ez direnek gaur zuten, berez, ariketa erraldoian izena emateko azken aukera, baina antolakuntzak epea luzatzea erabaki du. Horrela, izena emateko azken eguna datorren asteartea, azaroaren 24a, izango da. "Euskaraldiaren berri ematea, bereziki, konplikatua izaten ari da, eta azken egunetan asko mugitu da izen ematea. Herritar asko orain ari dira jakiten Euskaraldia datorrela edo aurten berriz eman behar dela izena, eta gehiago izango dira ostiralean bertan ohartuko direnak", azaldu dute antolatzaileek hartutako erabakia.

Euskaraldian izena eman nahi dutenek aukera bat baino gehiago dute horretarako. Interneten, euskaraldia.eus webgunean eman daiteke izena, eta telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazio berriaren bidez ere bai. Baina aurrez aurre ere eman daiteke izena hainbat tokitan. Azpeitian, esaterako, aurreko bi asteburuetan mahaiak jarri dituzte plazan, eta izena emateko epea luzatu egin dutela kontuan hartuta, bihar eta etzi ere izen-emate mahaiak plazara ateratzea erabaki dute. Bihar 18:00etatik 20:00etara jarriko dituzte eta etzi 11:00etatik 13:00etara, Sanagustinpean.

Txapak jasotzeko

Duela bi urteko lehen Euskaraldian bezala, bihartik abenduaren 4ra paparrean txapak eramango dituzte izena eman duten ahobiziek eta belarriprestek, Euskaraldian parte aktiboa hartuko dutela adieraziz.

Txapa horiek ere banatuko dituzte bihar eta etzi Sanagustinpean; jarriko dituzten mahaietan izena ematen dutenei emango dizkiete dagozkien txapak, baina dagoeneko Euskaraldian izena eman baina oraindik txaparik eskuratu ez dutenek ere mahai horietan eska ditzakete beraienak.