Ezohiko jaialdiarekin ospatu dute Santa Zezilia musika eskolakoek

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 19a, 09:15

Musika eskolako ikasketak osatu dituzten ikasleek beren diplomak jaso zituzten atzo Soreasun, eta ekainean atzeratutako zozketa ere egin zuten Juan Antxietakoek jaialdiaren barruan.

Parte-hartzaileen zein ikusleen kopurua nabarmen murriztuta, aurreko urteetakoaren antz gutxi izan du aurten Juan Antxieta musika eskolakoen Santa Zezilia jaialdiak. Baina egin, egin dute jaialdia musika eskolakoek.

Atzo, film ezagunen doinuak jo zituzten banda gazteko kideek Soreasu antzokiko oholtzan, eta musika eskolako trikiti eta pandero ikasleek inoiz ez bezalako pisua izan zuten jaialdian, horiek izan baitziren, bandakoez gain, beren maila erakusteko oholtza zapaldu zuten bakarrak. Musika eskolako ikasketak osatu dituzten ikasleak izan ziren, banan-banan eta taldeko argazkirik atera gabe, beren irakasleen eskuetatik zegozkien diplomak jasotzera agertokira igo ziren besteak.

Zenbaki sariduna

Atzoko jaialdia baliatu zuen Juan Antxieta musika eskolak ekainean egin gabe utzi zuen zozketa egiteko.

8.188 zenbakiaren jabearentzat izango da sari bakarra, momentuz zehaztu gabe dagoen bidaia, hain zuzen ere. Zenbaki horren jabea agertzen ez bada, berriz, 8.965 zenbakia duen txartelarentzat izango da sari hori.