Koronabirusa Azpeitian

Hamahiru positibo berri zenbatu dituzte Azpeitian

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 18a, 13:27

Azken zazpi egunetan guztira 77 kasu atzeman ditu Osasun Sailak herrian. Hala ere, oso altua izaten jarraitu arren, hamalau eguneko intzidentzia tasak behera egin du epe horretan: joan den asteazkenean 1.248,75 zen hamalau egunetako 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua, eta atzokoa 1.162,40 da. Eskualdean zein Hego Euskal Herrian ere gora egin du positibo berrien kopuruak.

Herenegun 11, eta atzo beste hamahiru positibo zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Azpeitian. Horiekin, azken zazpi egunetan guztira 77 kasu atzeman ditu Osasun Sailak herrian. Hala ere, oso altua izaten jarraitu arren, hamalau eguneko intzidentzia tasak behera egin du epe horretan: joan den asteazkenean 1.248,75 zen hamalau egunetako 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua, eta atzokoa 1.162,40 da.

Urola Kostan ere gora egin du positibo berrien kopuruak. Herenegun 29 atzeman zituzten, eta 48 izan ziren atzo. Gehienak Azpeitian baieztatu zituzten. Azpeitiaren atzetik, Azkoitia da atzo positibo berri gehien zenbatu zituzten eskualdeko herria, hamabi, eta horiekin 41 dira azken zazpi egunotan herri horretan zenbatu dituztenak. Datua ez da ona, baina aipatzekoa da Azkoitiko intzidentzia tasak izan duen jaitsiera: joan den asteazkenean 1.426,31 zen, eskualdeko altuena, eta gaur 1.134,37 da.

Aldiz, Orioko joera kontrakoa da. Atzo beste zortzi positibo baieztatu zituzten han, eta 40 dira azken astean zenbatu dituztenak. Ondorioz, gorantz doa hango intzidentzia tasa: 1.336,41 da, eskualdeko handiena, Errezilen atzetik.

Azpeiti, Azkoiti eta Orioko 23 positiboez gain, beste hamabost ere atzeman zituzten atzo eskualdean: sei Zarautzen; bina Zumaian, Zestoan, Getarian eta Aian; eta bat Errezilen.

Beste 1.210 positibo Hego Euskal Herrian

Eskualdean bezala, Hego Euskal Herrian ere gora egin du positibo berrien kopuruak. Herenegun 1.079 baieztatu zituzten; atzo, berriz, 131 gehiago, 1.210, hain zuzen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 14.929 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo eta horietatik 1.050ek eman zuten positibo, %7k. Gipuzkoan eta Bizkaian 459na positibo zenbatu zituzten, eta 122 Araban. Beste hamar positiboak, beste autonomia erkidego batzuetako herritarrek eman zituzten.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoerak zaila izaten jarraitzen du. Atzo beste 79 lagun ospitaleratu behar izan zituzten eta guztira 622 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan; horietatik 137 ZIUn.

Nafarroan, berriz, 2.815 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo eta horietatik 160k eman zuten positibo, herenegun baino 22 gehiagok. Hango positibotasun tasa %5 da. Ospitaleetako egoerari buruzko daturik ez du eman Nafarroako Gobernuak.