Lagun Onak eta Anaitasunaren arteko derbia zuzenean emango dute Uztarria.eus-ek eta Erlo Telebistak, Azpeitiko Udalaren babesarekin

Julene Frantzesena 2020ko aza. 18a, 17:27
IƱigo Arregi Lagun Onakeko presidentea, Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua eta Josu Juaristi Anaitasunako kirol arduraduna.

Larunbatean, 16:00etan hasita, jokatuko dute bi taldeek derbia Garmendipe futbol zelaian. Uztarria.eus-ek partida zuzenean emango du webgune honetan, eta Maxixatzen.eus-en eta Erlo Telebistan ere ikusi ahal izango da norgehiagoka.

Larunbatean partida garrantzitsua jokatuko dute Lagun Onakeko eta Anaitasunako gizonen lehen taldeek: derbia izango da, 16:00etan hasita, Garmendipe futbol zelaian. Urrezko hiru puntu izango dira jokoan, Espainiako Hirugarren Mailako sailkapenean gora egiteko balioko baitiete horiek bi taldeei. Dena den, zaleen berorik ez dute izango bi taldeek norgehiagokan; izan ere, koronabirusaren hedapena saihesteko ezarritako neurrien artean da kirol ekitaldietan publikorik ez izatea.

Hori horrela izanik, Uztarria.eus-ek partida zuzenean emango du webgune honetan. Azpeitiko Udalaren babesarekin egingo du zuzeneko emanaldia, 15:50ean hasita. Horrenbestez, herritarrek derbia zuzenean ikusteko aukera izango dute Uztarria.eus-en, baita Maxixatzen.eus-en eta Erlo Telebistan ere.

Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) grabatuko du partida hainbat kamerarekin, eta bi lagun ariko dira esatari lanetan: Jon Orbegozo Lagun Onakeko jokalari ohia eta Andoni Elduaien UKTko kazetaria.