Erniarraitzek Bertso Urtie egitasmoa jarri du martxan

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 18a, 12:09

Bailarako bertso mugimenduari bultzada ematea da egitasmoaren helburua eta hilean bertso saio bat antolatzeko konpromisoa hartu du elkarteak. Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Errezilen izango dira saio horiek, txandaka. Lehendabiziko saioa hilaren 28an izango da Azkoitian, eta bigarrena, abenduaren 20an Azpeitian.

Erniarraitz bertsozale elkarteak Bertso Urtie egitasmoa jarri du martxan, bailarako bertso mugimenduari bultzada emateko helburuarekin. Osasun krisiak mugimendu horri eman dion kolpea arindu nahi du horrela, izan ere, Bertsozale Elkarteak irailean plazaratutako datuen arabera, lehen egiten ziren saioen laurdena besterik ez dira egiten orain.

Erniarraitzek egitasmo hori abian jartzea erabaki du bailarako bertso mugimenduaren eragile nagusi delako eta bertso plazan eragiteko ardura duelako, eta aldarrikatu nahi duelako "kultura erantzukizunez antolatuta segurua dela". Horiek horrela, konpromisoa hartu du hilean bertso saio bat antolatzeko elkartea aritzen den bailarako lau herrietan. Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Errezilen izango dira saio horiek, txandaka, eta lehenengo biak zeintzuk izango diren ere iragarri du.

Lehenengo saioa hilaren 28an izango da Azkoitiko Elkargunean, 18:00etan hasita, eta Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso ariko dira kantari, Ane Ezenarro gai-jartzailearen aginduetara. Saiorako sarrerak aurrez erosi ahal izango dira Elurre okindegian, zortzi euro ordainduta; eta egunean bertan Elkargunean ere jarriko dituzte salgai, hamar euroren truke.

Bigarren saioa, berriz, abenduaren 20an izango da Azpeitiko Soreasu antzokian, 18:00etan hasita. Urtero egin ohi duten Txapelen omenezko saioa izango da; Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jone Uria, Eli Pagola eta Jokin Uranga bertsolariek parte hartuko dute, eta Maddi Labaka ariko da gai-jartzaile lanetan. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.