Kukai dantza konpainiak 'Gauekoak' lana taularatuko du abenduaren 18an Soreasun

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 18a, 10:41

Dagoeneko salgai daude emanaldirako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean. Jon Maya dantzari eta koreografo errenteriarrak gidatzen duen konpainiaren azken lana da Gauekoak.

Kukai dantza konpainiak Gauekoak lana taularatuko du abenduaren 18an, ostirala, Azpeitiko Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean, 12,5 euroren truke. Kultur bonua duten herritarrek doan joan ahal izan dute, aurrez sarrera hartuta.

Jon Maya dantzari eta koreografoak gidatzen duen Kukai dantza konpainiaren azken lana da Gauekoak, Mayaren beraren "gogoeta personal eta intimo batetik" sortutako proiektua. Bere sormen prozesuaren ateak ireki ditu errenteriarrak, eta orain arteko ibilbidean lagun izan dituen kideen eta artisten laguntzarekin osatu du ikuskizuna. Hain zuzen ere, beste artista horiek Mayaren dantza tradizionalari buruz egindako gogoetak bildu dituzte Gauekoak lanean.