Ander Avellaneda da Lagun Onakeko gizonen entrenatzaile berria

Julene Frantzesena 2020ko aza. 18a, 08:53
Ander Avellaneda eta IƱigo Saizar atzo Garmendipen. (Lagun Onak)

Tolosarra egoera iraultzeko asmoz iritsi da Lagun Onakeko gizonen lehen taldera. Hark Iñigo Saizar Lagun Onakeko jokalari eta kapitain ohia izango du laguntzaile. Atzo gidatu zuten lehen entrenamendu saioa bi entrenatzaileek.

Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak entrenatzaile berria du: Ander Avellaneda. Espainiako Hirugarren Mailako sailkapenaren azken postuan da Azpeitiko taldea, eta egoera iraultzeko asmoz iritsi da taldera tolosarra. Horrenbestez, Avellanedak hartuko du orain arte taldearen gidaritza izan duen Aitor Zubizarretaren lekukoa. Hark Iñigo Saizar Lagun Onakeko jokalari eta kapitain ohia izango du laguntzaile.

Zazpi denboraldi egin zituen Avellanedak Tolosako gizonen lehen taldea zuzentzen, eta joan zen maiatzean utzi zuen taldea. Atzo, asteartea, egin zuen lehen entrenamendua talde berriarekin, eta zapatuan Anaitasunaren aurkako derbian zuzenduko du Lagun Onak estreinakoz. Partida 16:00etan hasita jokatuko dute bi taldeek Garmendipe futbol zelaian.