Itziar Alkorta: "Askotan, esplotazioan oinarritzen da haurdunaldi subrogatua"

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 18a, 11:00
(Argazkia: Eusko Ikaskuntza)

Alokairuko sabela nola arautu hitzaldia emango du gaur Alkortak, 18:30ean,  Azoka Plaza gaineko aretoan. Pikara magazineko June Fernandezek gidatuko du saioa, eta Emakumeen Txokoak antolatu du. 

Itziar Alkorta (Donostia, 1967) zuzenbide zibileko irakaslea da EHUn, eta bioteknologian nahiz giza ugalketako teknologia berrietan aditua. Giza ugalketa lagunduari buruzko tesia egina du, baita alokairuko sabelari buruzko ikerketa bat ere, eta arlo horren bueltan hitzaldiak eman ohi ditu. Gaur Azpeitian izango da.

Alokairuko sabelaz hitz egingo duzu gaurko solasaldian. Zer azalduko duzu bertan?

Australian izana naiz ikerketa bat egiten, eta han, adibidez, legezkoa da haurdunaldi subrogatua. Herrialde horretakoek Indiara nahiz Thailandiara jotzen dute alokairuko sabel bila, normalean. Australian oso gertutik ezagutzen dute Indiako eta Thailandaiako amen egoera, eta Australian izan nintzenean, konturatu nintzen guk historiaren erdia bakarrik ezagutzen dugula. Oso inportantea da beste erdiaren berri ere izatea, emakume horien egoera zein den jakitea eta bizi duten benetako esplotazioa ezagutzea. Horregatik emango dut hitzaldia; kasu askotan, esplotazioan oinarritzen da haurdunaldi subrogatua.

Alegia, askotan emakume txiroak izaten direla beste baten partez ama izaten direnak.

Hori da. Gainera, ezohiko egoera honetan, benetako zailtasunak izaten ari dira haurdunaldi subrogatuaren prozesuan; izan ere, kontratua sinatutako guraso askok ezin dute umearen bila joan Indiara edo Thailandiara. Horrek aditzera ematen du zeinen hauskorra den planteamendua; bidaiatzeko ahalmenean dago oinarrituta. Une honetan ez dago bermatzerik pandemia aurreko kontratua bete ahal izango dela, ez baitago bidaiatzeko modurik. Beraz, umeak, erditu den amak nahiz balizko gurasoek ikaragarrizko egoerak bizi dituzte. Nire galdera zera da: jasangarria al da horrelako planteamendu bat umeak izateko?

Jende askok aukeratzen al du bide hori guraso izateko?

Hemen ez da legezkoa, eta, beraz, ez daukagu zuzeneko daturik. Dena den, badaukagu zeharkako datu bat, halako intzidentziak erregistro zibilean ohar bitartez jasotzen baitira. Badakigu une honetan Espainiako Estatuan ume gehiago inskribitzen direla subrogazioz adopzioz baino. Adopzioak asko egin du behera, eta, aldiz, subrogazioak gora. Gaur egun, adopzioaren gainetik dago subrogazioa; nabarmen goitik, gainera. Uste dut horrek pentsaarazi behar digula zer gertatzen ari den nazioarteko adopzioarekin. Nire susmoa da –nahiz eta ez dudan benetako daturik– jendeak uste duela adopzioa prozesu zaila dela eta ume horiek gero arazoak izan ohi dituztela. Jendeari iruditzen zaio adopzioaren alternatiba izan daitekeela subrogazioa. Uste dut horrek pentsaarazi egin behar digula. Adopzioaren kasuan, behar handia dago; gurasorik gabeko ume horiek irteera bat behar dute. Bien bitartean, jasangarria ez den planteamendu bat ari gara baliatzen alternatiba gisa, eta, nire ustez, galera handia dakar planteamendu horrek.

Ez al zaizu etikoki egokia iruditzen guraso izateko bide hori aukeratzea?

Iruditzen zait azterketa etikoa egin behar dugula, eta, horretarako, beren gorputza eskaintzen duten emakumeen iritzia kontuan hartu behar da. Haien egoera eta haiek esaten dutena aztertzen baldin baditugu, argi dago egiten dutena ez dutela egiten altruismoz, bizitzeko behar dutelako baizik. Jatekoa lortzeko beste moduren bat izango balute, ez lukete haurdunaldi subrogaturako eskainiko beren burua. Beraz, seguru asko ez da alternatiba egokia gestazio subrogatua, beharra daukan emakume baten egoera ari garelako baliatzen guk beste modu batera egin dezakeguna egiteko.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.