Urrian langabezia tasak 0,9 puntu egin du behera Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko aza. 17a, 11:13

Ia puntua jaitsi da langabezia tasa irailetik urrira bitartean herrian. Joan den hilaren amaieran, 671 azpeitiar zeuden lanik gabe, Lanbidek emandako datuen arabera.

Urrian ere beherazko joera hartu du langabeziak, Azpeitian. Lanbidek emandako datuen arabera, joan den hilean langabezia %9,3an kokatu zen; irailean, berriz, %10,2koa zen tasa. Ondorioz, Azpeitiko langabezia tasak ia puntua egin du behera. Herriko tasa Gipuzkoakoaren (%10,5) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%12,9) azpitik dago. Urola Kostako langabezia tasa, berriz, %7,9 irailean %9,6zen–. Zenbateko hori baino %1,4 altuagoa da Azpeitiko tasa egun.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, urriaren amaieran 671 lagun zeuden lanik gabe Azpeitian, irailean baino 64 pertsona gutxiago. Langabe horiek guztietatik 286 gizonezkoak ziren –300 irailean–, eta 385 emakumezkoak –435 irailean–; emakumeak dira langabeen erdia baino gehiago.

Adin tarteka, berriz, urrian ere aldeak nabarmenak dira; izan ere, 25 urtez azpiko herritarren artean 38 gizon eta 37 emakume zeuden lanik gabe pasatu berri den hilabetean; 25 eta 44 urte bitarteko tartean, ostera, 135 gizon eta 186 emakume; eta 45 urtetik gorakoetan, 113 gizon eta 162 emakume. Gazteenen adin tartean zeuden urrian gizonezko langabe gehiago. Beste bi adin tarteetan, ordea, emakume langabeen kopurua gizonena baino handiagoa da. Dena den, urrian ere lanik gabe zeuden herritar gehienak 25 eta 44 urte bitartekoak dira. Bestalde, urriaren amaieran langabezian ziren herritarrek aurrez zer eremutan lan egiten zuten ere zehaztu du Lanbidek kaleratu duen txostenean: 37 nekazaritzan, 147 industrian, 31 eraikuntzan, 349 zerbitzuetan; 107 lagun zeuden lehendik lanik gabe. 

Eskualdeko datuak

Urola Kostako herri guztietan egin du behera langabeziak, Getarian izan ezik; han puntu erdia egin du gora langabeziak. Urrian, guztira, 2.972 lagun ziren lanik gabe, irailean baino 664 pertsona gutxiago. Eskualdean lanik gabe zeuden pertsonetatik 1.511 gizonezkoak ziren, eta 1.889 emakumeak. Lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa da eskualdeko ia herri guztietan; Aian, Beizaman eta Zestoa, aldea oso txikia bada ere, gizonezko gehiago dago langabezian. Lanbidek emandako datuen arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena Urola Kostan (%13,4), eta haren ostean dira Azkoitia (%9,6), Orio (%9,5) eta Azpeitia (%9,3). 

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak:

  • Aia %7,2 (%7,4 irailean)
  • Aizarnazabal %13,4 (%15,1 irailean)
  • Azkoitia %9,6 (%10,2 irailean)
  • Azpeitia %9,3 (%10,2 irailean)
  • Beizama %8,5 (%10,2 irailean)
  • Errezil %5,7 (%6 irailean)
  • Getaria %7,6 (%7,1 irailean )
  • Orio %9,5 (%9,9 irailean)
  • Zarautz %8,8 (%9,4 irailean)
  • Zestoa %9 (%9,5 irailean)
  • Zumaia %8,8 (%9,6 irailean)