Ignazio Arregi jesuita hil da, Loiolako Herri Irratiaren eta Eusko Irratiaren sortzaileetakoa

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 17a, 09:15
(Goiena)

89 urterekin hil da Loiolako Santutegian, gaixotasun baten ondorioz. Euskarazko kazetaritzan eta irratigintzan aitzindaria izan zen Arregi.

Ignazio Arregi jesuita eta kazetaria hil da, 89 urterekin, Loiolako Santutegian, gaixotasun luze baten ondorioz. Euskarazko kazetaritzan eta irratigintzan aitzindaria, Loiolako Herri Irratiaren eta Eusko Irratiaren sortzaileetakoa eta zuzendaria izan zen, eta baita Vatikano Irratiko albistegietako zuzendaria ere.

1931. urtean jaio zen Arregi, Oñatin, eta 17 urterekin Jesusen Konpainian sartu zen. Loiolan eman zuen bere lehendabiziko meza. Teologian eta filosofian lizentziatua, Italiako Bergamo hirian egin zituen komunikazio eta irratigintza ikasketak. Euskal Herrira bueltan, Loiolako Herri Irratia jarri zuen abian santutegiko lokaletan Juan Lekuona tolosarrarekin batera; esatari lanetan hasi zen, eta zuzendari ere izan zen.

Handik Eusko Irratira egin zuen jauzia 1982an; izan ere, euskarazko irrati publikoa izango zena martxan jartzeko arduradun nagusietako bat izan zen. Eusko Irratiko zuzendaria izan zen 1985era arte.

1986an Vatikanora joan zen, hango Vatikano Irratira, eta albistegietako buru izan zen, erretiroa hartu zuenera arte. Espainiako TVErekin lankidetzan aritu zen urte askoan, bereziki Vatikanotik zuzenean ematen zituzten mezei ahotsa jartzen, eta Euskadi Irratirako berriemaile gisa ere jardun zuen Erroman.

Rikardo Arregi eta Ondas sariak jaso zituen, bere ibilbideagatik.