Koronabirusa Azpeitian

Azken hiru egunetan 23 positibo berri hauteman ditu Osasun Sailak Azpeitian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 16a, 14:23

Duela astebete baino hamalau kasu gutxiago zenbatu dituzte herrian, baina 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 1.195,62koa da oraindik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera positibotasun tasak; %7'8koa da hiru lurraldeetako tasa gaur-gaurkoz.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitara atera ditu asteburuko PCR eta antigenoen emaitzak, eta joan zen asteburuan baino positibo gutxiago atzeman dituzte oraingoan Urola Kostan. Ostiraletik igandera bitartean, hain zuzen, 95 lagunek eman dute positibo eskualdean: 37 izan ziren ostiralean, 28 larunbatean eta 30 atzo, igandea. Aurreko asteburuan (azaroaren 6tik 8ra), aldiz, 154 kasu zenbatu zituzten.

Azpeitian 23 positibo berri zenbatu zituzten ostiraletik igandera bitartean: hamar ostiralean, bost larunbatean eta zortzi atzo. Joan zen astean 37 positibo zenbatu zituzten; beraz, azaroaren 6tik 8rako datuekin alderatuta, behera egin du kasu berrien kopuruak herrian. Hala eta guztiz ere, 1.195,62koa da gaur-gaurkoz 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasa —1.222,19koa zen joan zen astelehenean—, eta semaforo gorrian jarraitzen du Azpeitiak.

Eskualdean Zarautzen detektatu dituzte positibo gehien: 26. Hamahiru kasu zenbatu zituzten ostiralean, zazpi larunbatean eta sei atzo, igandea, eta une honetan, 742,46koa da kasu metatuen tasa (836,87koa izan zen aurreko asteburuan). Orion, bestalde, hamalau kasu berri topatu dituzte asteburuan; launa ostiralean eta atzo, eta sei larunbatean. Azken egunetako datuekin gora egin du Orion 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, eta une honetan, 1.253,92koa da.

Azkoitian eta Getarian hamaikana emaitza positibo izan dira asteburuan: Azkoitian bi kasu atzeman zituzten ostiralean, lau larunbatean eta bost igandean, eta Getarian, bost ostiralean, bi larunbatean eta lau igandean. Getarian positiboen kopuruak zertxobait gora egin badu ere (astelehenetik ostegunera bitartean zazpi izan ziren), Azkoitian nabarmen egin dute behera kasuek (42 positibo zenbatu zituzten astelehenetik ostegunera bitartean).

Zumaian, Aian eta Errezilen ere izan dira emaitza positiboak asteburuan: zazpi Zumaian, bi Aian eta bat Errezilen. Azpimarratzekoa da Zumaian atzemandako positiboen kopuruak izan duen beherakada. Azaroaren 2tik 8ra 37 kasu zenbatu zituzten eta 1343,51koa zen intzidentzia tasa, eta pasa den astean (azaroaren 9tik 15era), ordea, 24 positibo izan dira. Azkeneko datuekin, 620,87koa da kasu metatuen tasa.

Ostiraletik igandera arteko zenbatekoak kontuan hartuta, hala ere, eskualdeko bost herritan jarraitzen du piztuta semaforo gorriak: Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian.

Intzidentzia tasa behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

COVID-19a atzemateko 38.834 proba egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan joan den asteburuan. Horietatik 3.087 izan dira emaitza positiboak; hain zuzen, 1.234 ostiralean, 1.043 larunbatean eta 801 atzo. Aurreko asteburuan PCR eta antigeno gutxiago egin zituen Osakidetzak, 38.498, eta gehiago izan ziren detektatutako positiboak: 3.867. Hortaz, behera egin du positibotasun tasak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz %7,8koa da ehunekoa, eta joan zen astelehenean, %9,8koa izan zen.