Santa Zezilia egunaren bueltako jaialdia egingo dute Juan Antxieta musika eskolako kideek asteazkenean

Julene Frantzesena 2020ko aza. 16a, 12:49
Iazko Santa Zezilia eguneko jaialdiko irudia.

Egoerara moldatutako emanaldia eskainiko dute banda gazteko kideek eta hainbat trikitilarik 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Jaialdira joan nahi dutenek aurrez gonbidapena eskatu beharko dute Kulturaz.eus wegunean.

Azaroaren 22an, igandez, Santa Zezilia eguna izango da, eta urtero moduan, Juan Antxieta musika eskolako kideek jaialdia eskainiko dute data horren atarian, Gozatuz gozarazten! Musika bizitza da... izenburupean. Asteazkenean izango da emanaldia, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian, baina ezohiko egoeran, ezohiko saioa izango dela aurreratu dute musika eskoako arduradunek.

Kulturari ezarritako protokoloak martxan jarrita gauzatuko dute jaialdia, eta, beraz, Soreasura joan nahi duten herritarrek gonbidapenak eskatu beharko dituzte Kulturaz.eus webgunearen bidez. Izan ere, pertsona kopuru jakin batek joan ahal izango du jaialdira.

Jaialdia bera ere, oso bestelakoa izango da, aurreko urteetakoekin alderatuz gero. Hala azaldu dute Juan Antxietako kideek: "Ez da ohiko jaialdia izango; izan ere, ikasle kopuru handiarekin egin izan ditugu, eta aurten, justu, ez da horrela izango".

Egoerak eraman ditu jaialdiaren formatua aldatzera, eta banda gazteko kideek eta sei trikitilarik eta pandero-jotzailek parte hartuko dute. "Musikarien artean mugimendu handirik ez izateko prestatu dugu saioa horrela", azaldu dute. Dena den, jaialdiaren barruan zozketa eta diploma banaketa ere egingo dituzte.

Oraingoz jaialdia gisa horretan egin beste aukerarik ez dutela izan azaldu dute musika eskolako kideek, baina aurrera begira, egoerare arabera, zer egin aztertuko dutela adierazi dute. "Ea egoera normaltzen den eta aurrera begira emanaldi gehiago egiteko moduan garen".