'Erlauntza' eta 'Trolls 2' filmak emango dituzte asteburuan Soreasun

Julene Frantzesena 2020ko aza. 18a, 08:00

Oraintsu estreinatu duten eta izen bereko antzezlana oinarri duen Erlauntza filma ostiralean, igandean eta astelehenean emango dute. Umeei zuzendutako Trolss 2 filmaren emanaldia ere igandean izango da.

Estreinatu berri den film bat eta aurrei zuzendutako beste bat. Horiexek ikusi ahal izango dira ostiraletik astelehenera bitartean Soreasu antzokian. Hain zuzen ere, Erlauntza filma emango dute ostiralean (19:30), igandean (19:00) eta astelehenean (19:00), eta Trolls 2 ere ikusi ahal izango da igandean (16:30). Emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean erosi ahal izango dira.

Duela bi astea Euskal Antzerki Topaketen barruan izan zen Erlauntza antzezlana oinarri duen filma Mireia Gabilondok zuzendutakoa da, eta obraren gisan, komedia generokoa da lana. Honako hauek dira oraintsu estreinatu duten filmeko aktoreak: Leire Ruiz, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia, Itziar Atienza,  Naiara Arnedo eta Sara Cozar. Honako hau da filmaren sinopsia: "Txikitako lagun koadrila bat asteburu pasa joango da landetxe batera, lagunetako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak, ordea, ez dira alferrik pasatzen, eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, ezer ez da garai batean bezala; edo bai... Asteburu “eroa” izan behar zena, are gehiago erotuko da; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan ondoen komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira...".

Trolls 2, berriz, David P. Smithek zuzendutako animaziozko lana da. Aurten AEBetan ekoiztutako lanaren sinopsia da honako hau: "Ezagutzen zuten mundutik haratago eramango dituen abenturan, beren troll-en tribuaz gain, sei musika estilotan banatzen diren beste hainbeste erreinu ere badirela jakingo dute Poppy-k eta Branch-ek. Erreinu batek beste guztiak konkistatu nahi ditu. Branch eta lagunen eskuetan izango da beste tribu guztiak batzeko eta aniztasuna aldarrikatzeko ardura.