Azaroaren 28an egingo dute San Jose trikiti jaialdia

Iazko trikiti jaialdiko irudia.

Martxoaren 21ean bertan behera utzi zuten XXX. San Jose trikiti jaialdia, eta azaroaren amaieran egingo dute saioa "zailtasunak zailtasun". Soreasu antzokian izango da emanaldia, bi txandatan banatuta. Sarrerak onartzeko edo baztertzeko aukera izango dute martxoarako erosita zituzten herritarrek.

Azaroaren 28an egingo dute XXX. San Jose trikiti jaialdia, Soreasu antzokian. Egoera berrira egokituta egingo dute, ordea, bi txandatan banatuko: 16:00etan egingo dute lehen saioa, eta 19:00etan bigarrena. Martxoaren 21ean ziren egitekoa aurtengo jaialdia, baina konfinamenduagatik, bertan behera utzi behar izan zuten saioa.

Martxoaren 21eko emanaldirako sarrerak erosita edo erreserbatuta zituztenek sarrera horiek baliatu ahal izango dituzte azaroaren 28ko emanaldirako. Antolatzaileek azaldu dutenez, sarrerak onartzeko 943-83 28 28 telefono zenbakira deitu beharko da goizez, edo trikitixa@trikitixa.eus helbidera mezua idatzi. Hala eta guztiz ere, sarrera baztertzeko aukera ere eman dute antolatzaileek.

Sarrera onartzen dutenek, 16:00etako edo 19:00etako emanaldira joan nahi duten aukeratu beharko dute; izan ere, sarrera mugatua izango da, Soreasu antzokiaren edukieraren %40 bete arte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gainera, aurrez ordutegia aukeratu gabeko sarrerak ez dituzte onartuko. Sarrera itzultzea erabakitzen dutenek, berriz, dirua jasoko dute bueltan.

Sarrera erreserbatuta dutenek azaroaren 28an bertan jaso beharko dute sarrera Soreasuko leihatilan. Lehen txandakoek 15:00etatik 15:30era bitartean jaso beharko dute, eta 18:00etatik 18:30era bitartean bigarren txandakoek. Dena den, 15:30ak eta 18:30ak ondoren erreserbatutako sarrerak ez badira jasotzen, horiek salgai jarriko dituztela adierazi dute antolatzaileek.

Horrez gain, gogorarazi dute urriaren 26ko 36/2020 dekretuaren arabera, Azpeitiaren mugakide diren herrietan bizitokia duten herritarrek soilik izango dutela jaialdira joateko aukera. Gainera, maskara "uneoro jantzita" edukitzea, araututako pertsonen arteko "distantzia gordetzea" eta sarreran "eskuak garbitzea" beharrezkoak izango direla nabarmendu dute.

Jaialdiko protagonistak

Aurtengo edizioan, honako musikari hauek izango dira oholtzan: Unai Dorronsoro, Martin eta Motriku; Roberto Etxebarria, Kepa Arrizabalaga eta Miren Etxebarria; Gozategi anai-arrebak; Azkoitiko Txalkor eta Azpeitiko Antxieta txistulari taldeak; Estanga anai-arrebak; eta Astiasaran osaba-ilobak eta Aitor Aiastui. Horrez gain, sorpresaren bat ere izango dela iragarri dute jaialdiaren antolatzaileek.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide