Sahararrei babesa emateko elkarretaratzea egingo dute ostegunean herriko plazan

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 16a, 09:14

Khamar saharar herriaren aldeko Azpeitiko elkarteak eta herriko sahararrek elkarlanean antolatu dute mobilizazioa, eta herritar guztiei parte hartzera dei egin diete. Elkarretaratzea ostegunean izango da herriko plazan, 19:00etan hasita.

Saharar herriari babesa adierazteko, elkarretaratzea egingo dute dute ostegunean herriko plazan, 19:00etan hasita. Khamar saharar herriaren aldeko Azpeitiko elkarteak eta herriko sahararrek deitu dute elkarretaratzera, eta herritar guztiei egin diete mobilizazioan parte hartzeko deia.

Azken asteetan asko gaiztotu da Mendebaldeko Saharako egoera. Marokoko militarrak herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guerguerat eskualdera sartu zirenean hasi zen kontua. Eskualde hori desmilitarizatua da, bost kilometro ingurukoa, baina Marokok militarrak hara bidaltzea erabaki zuen sahararren protesta bat desegiteko.

Dozenaka saharar urriaren 21etik ari ziren protestan Guergueraten, Marokok hango pasabidea darabilelako "Sahararen baliabide guztiak Afrikako gainerako herrialdeei saltzeko eta, horrela, sahararren baliabide naturalak espoliatzen jarraitzeko". Pasabide horrek 1988an sinatu zen Bake Akordioa eta baita Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio militarreta urratzen dituela diote, akordio horietan zehazten delako Marokoko harresi militarrean ezin dela pasabiderik ireki.

Marokok, baina, militarrak bidali zituen protesta hori geldiaraztera. Ondorioz, Fronte Polisarioak hautsitzat jo du Marokorekin 1991n sinatu zuten su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki du.

Pandemia dela-eta lehendik ere egoera nahiko zaila ez bazen, orain are gehiago gaiztotu dira gauzak. "Aurten saharar errefuxiatuen kanpamentuetan bizi duten egoera bereziki lazgarria izaten ari da, pandemiaren izenean giza laguntza iristeko arazoak daudelako. Errefuxiatuen kanpamenduetako Sahararren biziraupena nazioarteko elkartasun karabana eta proiektuetan oinarritzen da. Egun ezinezkoa da laguntza hau bideratzea eta heriotzara kondenatu dituzte Sahararrak. Honi guztiari azken egunetako gertakari larri hauek gehituta, armetara itzultzea beste aukerarik ez du ikusten Fronte Polisarioak", adierazi du Khamar elkarteak ohar bidez.

Horregatik, elkarteak bere "babes osoa" bidali nahi dio saharar herriari, argi utziz "indarkeria beti dela azken aukera eta inoiz ez dugula egoera horretara iritsi nahi izan". Aldi berean, saharar herriaren autodeterminazio legea betetzeko eta 1991ko akordioa osorik betetzeko eskatu du.