Celta ere mendean hartu du Azkoitia Azpeitia ISBk

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 15a, 18:48
Azkoitia Azpeitia ISBkoak, Baxi Ferrolen kontrako partidan. (ISB)

73 eta 66 menderatu dute Galiziako taldea Iraurgikoek, aste honetan etxean jokatu duten bigarren neurketan; ostegunean, Ausartak Barakaldori irabazi zioten. Sei neurketa jokatuta eta lau irabazita, bosgarren tokian jarraitzen du taldeak LF2ko bere multzoan.

Bitik bi. Aste borobila izan da hau Azkoitia Azpeitia ISB saskibaloi taldearentzat. Ostegunean Ausartak Barakaldori irabazi ostean, gaur Celta Zorka Recalvi taldearekin neurtu dituzte indarrak Iraurgiren emakumeen lehen taldekoek, berriro etxean –ikuslerik gabe jokatu arren–, eta irabazle izan dira berriro Azkoitiko kiroldegian.

Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeak 73 eta 66 menderatu du Galiziako taldea. Lehen laurdena markagailuan goitik bukatu ondoren (22-17), atsedenaldira atzetik iritsi dira etxekoak; bigarren laurdeneko 13-23 partzialarekin, bost puntu gainetik ziren Celtakoak bigarren zatia jokatu aurretik. Hirugarren laurdenean, ordea, partidaren lema berreskuratu dute Iraurgiko emakumeek (21-13), eta tinko eutsi diote bukaeraraino.

Morgan Green, 21 punturekin eta bost erreboterekin, izan da Azkoiti-Azpeitiko taldearen saskiratzaile onena. Sara Iparragirre (18 puntu eta lau errebote), Sara Altzaga (15 puntu) eta Intza Lizarazu (12 puntu) ere nabarmendu dira gaurkoan.

Lau egunen tartean lortutako bi garaipen horien ondoren, orain arte jokatutako ligako sei partidetatik lau irabazi ditu Azkoitia Azpeitia ISBk eta bosgarrena da –laugarren tokian den gaurko aurkariarekin berdinduta– Espainiako LF2 ligaren A multzoko sailkapenean.