Gazte Koordinadora Sozialistak protesta egingo du azaroaren 21ean

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 15a, 10:10
Azaroaren 1ean lelo berarekin Azpeitian elkarretaratzea egin zuen GKSk.

Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu lelopean, mobilizaziora deitu du GKSk hainbat herritan, tartean Azpeitian. Aldarrikapen nagusiak hauek dira: neurri diziplinario eta polizialak indargabetzea; osasun baliabide sozialak indartzea;  eskubide zibil eta politikoak bermatzea; eta langileriaren antolakuntza komunista hedatzea.

Hego Euskal Herriko hamairu herritan eta hiritan egingo du protesta Gazte Koordinadora Sozialistak datorren larunbatean, azaroak 21. Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu lelopean deitu dute mobilizatzera; Azpeitian 18:30ean jarri dute hitzordua, plazan.

Urola Kostako koordinadorak sare sozialetan zabaldu duenez, lau aldarrikapen nagusi  dituzte: neurri diziplinario eta polizialak indargabetzea; osasun baliabide sozialak indartzea; eskubide zibil eta politikoak bermatzea; eta langileriaren antolakuntza komunista hedatzea.

"Oligarkia finantzarioak, politikari profesionalek eta enpresari handiek ezarritako salbuespen egoeraren aurkako" salaketa kanpainaren barruan kokatze da larunbateko mobilizazioa.

Zarautzen ere egingo dute protesta, 19:00etan, udaletxearen aurrean. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan aterako dira kalera, eta baita Hernanin, Tolosan, Beasainen, Bergaran, Durangon, Gernikan eta Lekeition ere.