Azaroko Uztarria aldizkariaren aurrerapena: Premietxeberri, abeltzaintzan eta gaztagintzan belaunaldiz belaunaldi

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 15a, 12:03

Premietxeberri baserriko sendiak urte luzeko tradizioa du. Belaunaldiz belaunaldi aritu dira artzaintzan, abeltzaintzan eta gaztagintzan, eta badirudi soka hori ez dela eten. Premietxeberrin izan da Uztarria, han egiten dituzten lanak eta eguneroko eginbeharrak ezagutzen. Azaroko aldizkariko Klik! argazki erreportajearen aurrerapena da honako hau. 

Premietxeberriko ardiek eta limusin behiek baserriaren ondoko larreetan bazkatzen dute urte guztian zehar. Hori garrantzitsua da Premietxeberrikoentzat, horrek larreak osasuntsu mantentzen laguntzen baitu. Baserriko ardien esnearekin egiten dute Premietxeberriko gazta, Idiazabal jatorri izendapenekoa. Azaro amaieran edo abendu hasieran ekiten diote gaztagintzari, eta San Fermin inguruan, uztail hasieran, amaitzen dute. Ondoren hasten da gainerako prozesua. Ardura eskatzen duen lana den arren, gustura aritzen da Itxaso Agirre. Hark eman ditu gazta egiteko prozesuaren inguruko xehetasunak.