Koronabirusa Azpeitian

Hego Euskal Herrian 1.451 positibo berri atzeman zituzten atzo

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 14a, 15:34

Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan jaitsi egin da positiboen kopurua, eta Araban pixka bat igo, baina positibotasun tasan ez gorabehera handirik izan, PCR eta antigeno proba gutxiago egin baitituzte.

Behera egin du azken orduetan COVID-19arekin positibo emandako herritarren kopuruak Hego Euskal Herrian. Atzo egindako PCR eta antigeno probetan, guztira 1.451 positibo zenbatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta Araban izan ezik, behera egin dute kopuruek lurralde guztietan: 139 positibo atzeman zituzten atzo Araban  –137 izan ziren herenegun–, 572 Bizkaian –653 herenegun–, 527 Gipuzkoan –619 herenegun– eta 208 Nafarroan –216 herenegun–. Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren beste bost lagunek ere eman zuten positibo atzo.

Positiboen kopuruak txikitu egin dira, baina baita horiek detektatzeko egindako PCR eta antigeno proben kopurua ere. Atzo, guztira 18.112 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, herenegun baino ia 2.500 gutxiago –20.581 proba egin zituzten ostegunean lau lurraldeetan–. Horrela, positiboen ehunekoa ia berdin mantendu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –egindako proben %8,3 izan ziren positiboak herenegun, eta %8,2 atzo–, eta igo egin da Nafarroan, %7,2raino.

Ospitaleratzeei dagokienez, 87 lagun ospitaleratu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID.19aren ondorioz, eta atzo guztira 146 pertsona zeuden Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU) ingresatuta hiru lurraldeotan. Nafarroan, lagun bat hil zen atzo COVID-19ak jota, eta 20 lagun ospitaleratu zituzten gaitz horri lotuta, horietako bat ZIUn.