Lanak emango dituen krisia

Mailo Oiarzabal, Julene Frantzesena, Anartz Izagirre, Maialen Etxaniz 2020ko aza. 15a, 10:05

Koronabirusak ekonomiaren adar guztietan izan du eragina. Ekarri dituen kalteak agerikoak dira dagoeneko askorentzat, eta ekar ditzakeenen beldur dira beste asko. Baina denentzako festa txarrik ez dagoela dio esaerak, eta azken hilabeteetan lana areagotu zaie beste batzuei. Txanpon beraren aurkia eta ifrentzua bizitzen ari diren herritar batzuekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Lana galdu

Ane (elkarrizketatuak ez du nahi izan bere benetako izena ematea) Azpeitiko ostatu bateko harreragilea zen oraitsu arte. 2019ko abuztuan hasi zen han lanean, eta urtebetez aritu da zeregin horretan, COVID-19aren bilakaerak hotelaren egoera hankaz gora jarri duen arte. "Irailean amaitzen zitzaidan kontratua, eta egoera tarteko, ez zidaten berritu", azaldu du.

Erabaki horrek, baina, ez zuen ustekabean harrapatu azpeitiarra, uda ere "oso kaxkarra" izan zelako. "Mugimendu gutxi izan da ostatuan koronabirusa tarteko, eta espero nuen kontratua ez berritzea; ulergarria da". Uda sasoian erreserba "gutxi" izan zituztela azaldu du, eta gainera, bezero askok erreserba bertan behera uzteko hautua egin zuela aitortu du.

Konfinamendu garaian hasi zen zer etor zitekeen pentsatzen Ane, hark azaldu duenez, egoeraz "pentsatzeko aukera asko" izan zuelako: "Mundua hankaz gora jarri zen egun batetik bestera, eta garbi nuen eragin zuzena izango zuela bai ekonomian, bai nire laneko egoera pertsonalean ere".

Berriz ere lanera itzultzeko esperantza badu Anek, baina garbi du horretarako hainbat neurri hartu beharko dituztela agintariek: "Gu lanera itzultzeko mugak ireki beharko dituzte, eta gero turismoa bultzatu beharko dute". Dena den, uste du oraindik "pixka bat" itxaron behar dela horretarako. "2021 erdi alderako gauzak hobetzen joatea eta COVID-19a agertu aurreko bizitza pixkanaka-pixkanaka berreskuratzen hastea espero dut. Hala ere, prozesua luzea izango da, eta beraz, pazientziarekin hartzea eta esperantzarik ez galtzea izango da gakoa".

Lana bai, baina halamoduz

Jatetxeek modu berriak topatu behar izan dituzte beren jarduna eten ez zedin. Janari azkarra zerbitzatzen duten lokalen kasuan, martxoan ere zerbitzua etxez etxe eskaintzeko baimena izan zuten hainbat ostalarik, baina hilabete horietan "mugimendu gutxi" izan zutela aitortu du Patxi Arrutik. Pizzerien kate handi batean egiten du lan Arrutik, eta aldi baterako lan erregulazio txostena ezarri zieten, bi hilabetez: "Etxez etxeko janari zerbitzuarekin jarraitu genuen konfinatuta egon ginen hilabeteetan, baina jende asko ez zen ohartu ere egin horretaz".

Jatetxe gutxi izan ziren konfinamendu hasieran janaria zerbitzatzen jarraitzeko aukera izan zutenak, baina hori egiten zuen lokal bakarrenetarikoa izanagatik, eskari gutxi izan zuten Arrutik lan egiten duen pizzerian: "Ia ez genuen eskaerarik izaten. Ekonomikoki ere jende askori eragin dio pandemia honek, eta iruditzen zait egoera ikusita askok nahiago izan dutela janaria supermerkatuan erosi eta etxean kozinatzea". Bestalde, Arrutik dio konfinamendua ezarri zuten hilabete horietan bezero batzuk "oso beldurtuta" ikusten zituela, eta askok ez ziotela ia aterik ere irekitzen pizza banatzerakoan; beste batzuek, berriz, segurtasun eta osasun neurriak ez zituztela behar bezala hartzen dio: "Guk gure protokoloa genuen hasieratik, eta maskaraz gain pantaila babeslea ere eramaten genuen. Bezero batek esan zidan horrek ez zuela ezertarako ere balio eta ea zergatik neraman pantaila hori". Arrutik azaldu du sarritan ez zutela jakiten zein zegoen koronabirusaz kutsatuta edo konfinatuta eta zein ez: "Bezero bakarrak esan zigun konfinatuta zegoela, baina beste inork ez. Ezin diozu inori janaria ukatu, noski, baina iruditzen zait abisatu egin beharko liguketela bezeroek konfinatuta dauden ala ez, segurtasun neurriak gehiago zorroztu ditzagun". Gauzak horrela, azken hilabeteak lan aldetik oso lasaiak izan direla nabarmendu du pizza banatzaileak, eta faktore asko izan direla jaitsieraren eragileak.

Agintariek ezarritako neurriek ere beren ohiko jardunean eragin handia izan dutela aitortu du azkoitiarrak, eta une oro lana egiteko modua aldatu behar izaten dutela: "Orain 22:00etarako itxi behar dugu, eta langileon ordutegiak moldatu egin behar izan ditugu. Gertatzen dena da 20:00ak aldera sekulako zoramena izaten dugula, eta langile guztiok topera ibiltzen gara, baina hortik aurrera asko jaitsi da pizzen eskaria". Arrutik dio jendeak neurriak ez dituela argi, eta askok 22:00ak pasatu ostean ere deitzen dietela pizza eske: "Horrenbeste neurrirekin jendea ez da ohartzen noiz eskatu ahal duen janaria eta noiz ez". Lan gutxiago izan arren, ordea, Arruti eta gainontzeko langileak ohiko moduan daude lanean orain: "Eskaera gutxi daude baina banatzaile kopuru bera gaude lanean. Tentsioan bizi gara ia erakundeek zer esaten duten eta zerbitzuarekin jarraitzeko aukerarik izango ote dugun. Guk lanean jarraitu nahi dugu".

Etxeko lanak

Urbistondo Margoak dendako Sorkunde Urbistondok, aldiz, salmentetan gorakada nabaritu du. Gogoan du martxoko konfinamendu garaian ere herritar askok dendara jo zutela etxea atontzeko eta eraberritzeko materiala erostera. Hasieran, saltokiak itxi zituztenean, gremioko langileei soilik saltzen zieten materiala, baina gerora denda ireki ahal izan zuten, eta orduan "bezero asko" izan zituztela aitortu du.

Orain, herritik atera ezin den honetan eta tabernak itxi dituztenetik, berriro ere eskariek gora egin duela nabaritu du. "Ezin gara herritik mugitu, ezin gara beste herri batera joan. Jende ugari dago konfinatuta, eta uste dut horrek baduela eragina salmentan. Izan ere, jendea aspertuta dago, eta planak mugatuta daude. Aisialdia goitik behera aldatu da, eta orain jendea paseora, mendira edo kirola egitera ateratzen da; beste askok, berriz, etxea margotzeko edo txukuntzeko aprobetxatzea erabaki dute", adierazi du Urbistondok.

Hark azaldu duenez, "ez da ohikoa udazkenean etxea margotzea, izan ere, orain arte jendeak udaberrian hartzen zuen horretarako tartea". Uste du konfinamendua iritsi aurretik jendeak aisialdiari denbora gehiago eskaintzen ziola, baina orain, neurri murriztaileak tarteko, joerak aldatu egin direla dio: "Etxean gero eta denbora gehiago igarotzen dugu, eta uste dut jende gehiago hasi dela etxeko dekorazioan edo detaileetan fijatzen. Hori dela eta, jendeak etxeko dekorazioa aldatzea erabaki duela pentsatzen dut".

Iritzi berekoa da Bastida Sukaldeak dendako Ione Bastida ere. Udaberriko derrigortutako etxealdiarekin, eta ondoren etorri diren bizimoduaren aldaketekin,jendearen lehentasunak eta proiektuak aldatu egin direla ikusi du: "Konturatu gara jendeak denbora asko pasatu duela etxean, eta beste gauza batzuk baloratzen hasi dela. Lehen bidaiatzeari edo kanpoan jateari ematen zitzaion balioa; konfinamenduarekin, berriz, jendeak denbora asko pasatu du sukaldean eta kozinatzen. Konturatu gara etxea norberaren gustura, egoki eta goxo edukitzea garrantzitsua dela, baita ongizaterako ere. Jendea animatu da etxeak egokitzera, beste konfinamendu bat etortzen bada ere, etxean gustura egoteko".

Bastidan ere ez dute lanik falta izan hilabeteotan. Konfinamenduak "nahiko egoera onean harrapatu" zituela dio Bastidak. Denda itxita, proiektu berrietan murgiltzeko baldintzak ez ziren egokienak, baina aurretik hitzartuta zituztenak gauzatzeko modua izan zuten. Biltegian sukalde dezenterekin harrapatu gintuen, eta horiek muntatzeko arazorik gabe. Hamabostaldi bat egon zen derrigorrez geldirik egon behar izan genuena; baina lanean lagatzen ziguten neurrian, ezarri zituzten araudi bereziekin eta bezeroak ados bazeuden, sukaldeak muntatzen jarraitu genuen".

Konfinamenduaren buelta nolakoa izango zen bazuten kezka, baina "ezustean, lan asko sartu" zitzaiela kontatu du Bastidak. "Oporretan-eta aurreztu duguna beste gauza batzuetan inbertitzea erabaki dugula ere uste dut; sukaldeak berritzen edota etxean obrak egiten, adibidez. Asko antzeman dugu guk hori, eta ondo etorri zaigu", dio. Eraikitzen ari diren etxebizitza proiekturen batean lanean ari badira ere, sukaldea berritzea erabaki dutenak dira Bastida Sukaldeak dendakoen bezero nagusiak. "Lan asko egiten dugu dekoratzaileekin eta arkitektoekin, eta horiek ere lan askorekin dabiltza. Lehendik ere lan gehiena arlo horretan egin izan dugu, sukaldeak berritzen, osorik edo partzialki", azaldu du Bastidak.

Italiakok dira saltzen dituzen altzari gehienak, eta "hornitzaileen erantzunarekin kezka" bazutela aitortu du Bastidak, Italian ere "gogor" jo zuelako pandemiak hasieran. Baina kezka hori uxatu dute: "Ez genekien materiala jasotzeko nola ibiliko ginen, baina zorionez, ez dugu inolako arazorik izan alde horretatik". Datozen hilabeteetan ere lanik ez dutela faltako badaki Bastidak. Etorkizunari begira jarrita, ezin jakin zer ekarriko duen, baina "baikorrak izaten jarraitu nahi" duela dio, eta espero du "denok ahal den ondoen irtetea" egoera honetatik.