Eduki babestua

Lore Garciarena: “Laguntza ikaragarria da merkatari txikiarentzat bonuen kanpaina”

Merkataritza babestu eta herrian bertan inbertitu. Horiek dira Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak herriko merkataritza eta ekonomiaren sustapenerako bultzatu duten bonu kanpainaren helburuak. Astelehenean jarriko da abian. Kanpainaren xehetasunak eta berrikuntzak azaldu ditu Bertaneko teknikari Lore Garciarenak.

Astelehenean jarriko dituzue salgai bonuak. Maiatzean izandako arrakasta errepikatzea espero al duzue?

Berri pozgarria izango zen maiatzeko arrakasta izatea, dudarik gabe! Izan ere, egoera larria bazen merkatariena, orain, osasun alarma egoera gure artean dugunean berriro, okerrera egin du. Egoerari itzulia eman beharra dugu; eta merkataritza sektoreari bultzada ekonomikoa emateko udalak 30.000 euro inbertituko ditu kanpaina honetan. Herritarren babesa izatea, berriro, garrantzitsua da saltokientzat, laguntza ikaragarria baita bonuen kanpaina merkatari txikiarentzat.

Aldaketak izango ditu, ordea, oraingo kanpainak. Zeintzuk dira berritasun horiek?

Elikadura sektoreko saltokietan bonuak erabili ahal izatea da berrikuntza aipagarriena. Gainera, ostalaritzaren egungo egoera dela eta, eramateko egiten diren kontsumoak ordaintzeko erabili ahal izango dira bonuak. Ondoren, ohiko ostalaritza jarduerarako aukera berreskuratzean ere bonuekin ordaindu ahal izango da egitasmora atxikitako taberna eta jatetxeetan. Bestetik, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahal izango ditu, eta bere izenean soilik erosi ahal izango ditu. Gainerakoan, maiatzean izandako funtzionamendu bera izango dute bonuek oraingoan ere. Horrela, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertaneko kide direnak, nahiz eta kudeaketa merkatarien elkarteak gidatuko duen. Bonuak berak ere funtzionamendua mantenduko du, bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute.

Non eros daitezke bonuak?

Guztira 2000 bonu aterako dira, horietatik 1000 salgai egongo dira Bertanen bulegoan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, eta gainontzeko beste 1000 bonuak, aldiz, online www.dendago.com/azpeitiazaindu webgunean erosi ahalko dira.

Osasun alarma egoerak kalte handiak sortu ditu merkataritzan... Nola eman daiteke itzulia egoerari horri?

Pandemia kalte ekonomiko nabarmenak eragiten ari da, eta eskertzekoa da udalak egiten duen merkataritzaren aldeko apustua. Apustu hori, ordea, herritarrek egitea ere ezinbestekoa da. Bertakoaren eta gertukoaren garrantziaz jabetu, eta erosketak herrian egin behar dituzte. Egunotan ikus ahal dugu tabernak eta jatetxeak itxita herria mamu bihurtzen dela. Gauza bera gerta daiteke saltokiak eta dendak itxiz gero.

Ezinbestekoa da, beraz, herritarren sentsibilizazioa?

Erabat. Herritarrak herriaren bihotza dira, merkataritzarekin batera, eta elkarlana funtsezkoa da denen biziraupenerako. Elkarlan hori babesean eta laguntzetan oinarritu behar da. Herriko merkatarien azpeitiarrei produktu onenak eskaintzen dizkie, eta herritarrek produktu horiek kontsumitu eta erosi behar dituzte. Jokoan dago merkataritzaren etorkizuna, eta azpeitiarrek zer esan handia dute. Horregatik, azpeitiarrak bonuak erostera eta herrian gastatzera animatu nahi ditut.

Bestelako ekintzarik ba al duzue prestatuta?

Bai, astelehenetik hasita, Azpeitia Txartela erabiltzen dutenek kantinplora berezia irabazteko aukera izango dute. Guztira, 500 kantinplora jarriko ditugu, eta erosketa egiten den unean jakingo du bezeroak sariduna den edo ez.

Enkarguk proiektua elikagai saltokien egoera arintzeko asmoz jarri zen abian. Nolako ibilbidea izan du orain arte?

Elikadura arloko saltokiei nahiz azokako postuei salmenta bide berriak garatzen laguntzeko helburua du Enkarguk proiektuak. Lehenbiziko hilabeteko datuek erakutsi dutenez, emaitzak oso onak direla esan dezakegu. Herritarrak ari dira eskaerak egiten, eta proiektua parte hartzen duten saltoki denak ari dira enkarguak jasotzen. Proiektu pilotu guztiak izan bezala, egoera eta behar berriak agertzen dira, eta kasu honetan, Paygold bidez ordaintzeko aukera ezarri dugu; azpeitiar ugari dago etxean konfinatua, eta horientzat ordainketa sistema berria da Paygold, kontsignakoez gain. Sistema horrek, SMS bidez bidaltzen diren ordainketa-eskabideak sortzen ditu. Esteka batek pasabide seguru batera bideratzen du eroslea, eta bertan egiten da ordainketa, txartelarekin. Saltokiko terminal birtual hau guztiz segurua, fidagarria eta azkarra da. Gainera, Bertan bonuekin ordaintzeko aukera izango da astelehenetik aurrera.

Gabonak ate joka ditugu. Egoera berezia izango da aurtengo Gabonetakoa, baina, zerbait aurreikusi al duzue egun horietako giroa berotzeko?

Kolokan daude kaleko ikuskizunak, eta, noski, bertan behera geldituko dira Olentzeroren, Mari Domingiren eta Erregeen etorrerak. Hala ere, giroa zertxobait berotzen saiatuko gara, eta azken urteetan egindako ginkana prestatuko dugu, Erregetako zozketa ere egingo dugu, eta aurreratu dezakegu dagoeneko haurrei zuzendutako zerbait berezia izan dezakegula. Ez da Azpeitiarrek erosketak Azpeitian bertan egiteko aitzakiarik faltan izango.

Erlazionatuak

'Azpeitia zaindu' bonuen funtzionamendua, bideoan

Erabiltzailearen aurpegia Ekonomia

Bertan merkatari elkarteak eta Azpeitiko Udalak astelehenean jarriko dituzte salgai Azpeitia zaindu bonuak. Bonuek nola funtzionatuko duten azaldu ...

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide