Corrugados Azpeitiaren lur eremuari aterabidea topatzen ari dira udala eta Grupo Industrial CL enpresa

Anartz Izagirre 2020ko aza. 13a, 10:41
Azpeitiko Udaleko eta Grupo Industrial CL enpresako ordezkariak, udaletxean. (Azpeitiko Udala)

2013. urtean itxi zuten Corrugados Azpeitia altzairutegia, eta aterabide egokia topatu nahi diote bi aldeek lantegia kokatuta dagoen lur sailari. Bestalde, enpresaren egungo jabeak Corrugados Lasao martxan jarraitzeko borondatea berretsi du.

Zazpi urte igaro dira Corrugados Azpeitia herriko siderurgia ekoizpeneko lantegi historikoa itxi zutenetik, eta enpresa kokatuta dagoen lur sailari aterabidea aurkitzeko harremanetan jarri dira Grupo Industrial CL enpresa —Leal familia— eta Azpeitiko Udala. Hain zuzen ere, udalak azaldu du "elkarlanean" dihardutela lur sail eta instalazio horiei konponbide bat topatzeko, lur eremu zabala hartzen baitu altzairutegiak eta herrigunetik gertu baitago.

2013. urtean itxi zuten lantegia, eta udalak adierazi du ez dela aurreikusten Corrugados martxan jartzerik: "Berriro ere irekitzea ez da bideragarria, oraindik ere altzairuaren gehiegizko gaitasuna jasaten ari da merkatua, eta zaila da nazioarteko merkatu berrietara sartzea; besteak beste, COVID-19ak eragindako pandemiagatik edo muga zergengatik". Bestalde Leal familiak berretsi egin du Corrugados Lasao lantegian ekoizten jarraitzeko borondatea.