Euskaraldia 2020

Bihar eta etzi ere jarriko dute Euskaraldian izena emateko eta txapak jasotzeko mahaia

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 12a, 16:53
Euskaraldian izena emateko mahaia, joan den ostiralean plazan. (Nerea Uranga)

Sanagustinpean jarriko dute mahaia, bihar 18:00etatik 20:00etara eta zapatuan 11:00etatik 13:00etara. Bertan izena ematen dutenei ahobizi zein belarriprest txapak emango dizkiete momentuan; aurrez izena emanda egon baina txaparik jaso ez dutenek ere eska dezakete beraiena Euskaraldiko mahaian.

Aurreko asteburuan bezala, ostiral eta zapatu honetan ere jarriko dute Euskaraldian izena emateko mahaia. Sanagustinpean egongo da, bihar 18:00etatik 20:00etara eta etzi 11:00etatik 13:00etara.

Mahai horretan, azaroaren 20an hasiko den ariketa sozialean parte hartzeko izena emateaz gain, aukeratutako rolaren araberako txapa jasotzeko aukera ere izango dute herritarrek. Bihar eta etzi ahobizi zein belarriprest gisara izena ematen duten guztiei izena ematearekin bat emango diete dagokien txapa. Baina dagoeneko Euskaraldian –bide batetik edo bestetik– izena eman duten eta oraindik txapa jaso ez duten gainerako herritarrek ere eska ditzakete beren txapak Euskaraldiko mahaian. Horrez gain, leihoetan eta balkoietan jartzeko banderatxoak ere salgai jarriko dituzte izen-emate mahaian bihar eta etzi, bost euroren truke.

Dena den, asteburuan Euskaraldiko mahaitik pasatzerik ez dutenek datozen egunetan ere izango dute herrian txapak jasotzeko edota banderatxoak erosteko aukera, Udal Euskaltegira joanda.

Izen-ematea, hilaren 19ra arte

Gaur zortzi, hilaren 19an, Euskaraldiaren bigarren edizioa hasi bezperan, bukatuko da izena emateko epea. Aurrez aurre ez ezik, Euskaraldian izena eman nahi dutenek aukera bat baino gehiago dute horretarako. Interneten, euskaraldia.eus webgunean eman daiteke izena, eta telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazio berriaren bidez ere bai.

Milatik gora dira dagoeneko aurtengo Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten azpeitiarrak, baina 2018ko lehen edizioan izena eman zutenen kopurutik –2.814–, momentuz.