Koronabirusa Azpeitian

Beste hemezortzi positibo berri zenbatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

Herenegun baino zazpi kasu gehiago zenbatu dituzte herrian, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 1.315,18koa da orain. Test gutxiago egin arren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igo egin da positibo kopurua.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu ditu dagoeneko atzoko PCR proben eta test antigenoen emaitzak, eta positiboen kopuruak altua izaten jarraitzen du hiru lurraldeetan. Urola Kostan zertxobait behera egin du positiboen kopuruak; izan ere, herenegun 53 positibo zenbatu zituzten eskualdeko herrietan, eta 47 izan ziren atzo. Kasurik gehien Azpeitian atzeman zituzten atzo; hemezortzi, hain zuzen ere —herenegun 11 zenbatu zituzten—. Hori dela eta, gora egin du berriro 100.000 biztanleko hamalau eguneko Azpeitiko intzidentzia tasak, eta 1.315,18koa da orain.

Bestalde, Aia izan da eskualdean positiboen igoera izan duen beste herrietako bat; izan ere, egunak zeramatzaten herri horretan positibo berririk gabe, baina atzo hiru kasu berri hauteman zituen Osasun Sailak. Horren ondorioz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko 700,70eko intzentzia tasa du Aiak, nahiz eta 5.000 biztanletik beherako herria izateagatik semaforo gorrian ez dagoen.

Gainontzeko herrietan positiboek apaltzeko joera erakutsi dute. Zumaian, esaterako, bi kasu berri zenbatu zituzten atzo —herenegun zortzi izan ziren—, eta azken egunetako daturik onena erregistratu zuten bertan, nahiz eta oraindik ere intzidentzia tasa oso altua izan: 1.048,35ekoa. Eskualdeko beste herrietan honakoa izan da PCR probetan eta test antigenoetan positibo eman dutenen kopurua: Zarautzen bederatzi, Azkoitian sei, Orion lau Zestoan hiru eta Errezilen nahiz Getarian kasu bana. Herri horietan guztietan herenegun baino positibo gutxiago zenbatu dituzte —Errezil da salbuespena, kasu bat gehiago zenbatu dute han—, baina intzidentzia tasa 500dik gorakoa da denetan. Aizarnazabal eta Beizama dira atzo kasurik zenbatu ez zuten eskualdeko herri bakarrak.

Proba gutxiago, positibo gehiago

Osasun neurri berrien eragina oraindik ere ez da islatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 16.338 PCR proba eta test antigeno egin zituen atzo —herenegun 17.890 izan ziren—, eta 1.409 izan ziren probetan positibo eman zuten herritarrak; hau da, positiboen ehunekoa herenegun baino altuagoa izan zen atzo, %8,6koa, hain justu. Lurraldez lurralde Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (663); ondoren, Gipuzkoan (601); eta azkenik, Araban (126). Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren beste hemeretzi pertsonak ere eman zuten positibo.

Bestalde, ospitaleratutako erien datuak kezkagarria izaten jarraitzen du; 496 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan, eta atzo 73 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 132 pertsona daude hiru lurraldeetan.

Nafarroan, aldiz, apurka-apurka jaisten ari da positiboen tasa; %5,9 izan zen atzo, herenegun baino puntu bat gutxiago. Positiboen kasuek ere behera egin dute lurralde horretan, eta Osasunbideak adierazi duenez, Nafarroan atzo egin ziren 3.918 PCR probetatik eta test antigenoetatik 233 izan ziren positibo eman zutenak, herenegun baino bederatzi gutxiago.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide