Euskal Antzerki Topaketak 2020

Obeditzeaz eta ez obeditzeaz

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 12a, 10:15

Horman Poster kolektiboak Antigone edo ezetzaren beharra antzezlana taularatuko du bihar, Azpeitian (19:30). Antigona tragedia klasikoaren bertsio librea egin dute, lehen aldiz euskaraz.

Historian zehar gehien taularatu den tragedia klasikoa da Sofoklesen Antigona, baina, padaroxikoki, sekula inork ez du antzeztu euskaraz modu profesional batean. Horman Poster kolektiboa ausartu da pauso hori ematera: tragedia klasikoa eta haren hainbat bertsio oinarri hartuta, antzezlanaren bertsio librea osatu dute. Antigone edo ezetzaren beharra da emaitza; Bilboko Arriagan estreinatu zuten azaroaren 5ean, eta Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan emango dute bihar. Soreasu antzokian ikusi ahal izango da, 19:30ean.

Igor de Quadraren zuzendaritzapean, Xanti Agirrezabala (Azpeitia, 1997), Maite Aizpurua, Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedro interpreteak ariko dira antzezlana gorpuzten. Obraren muina zein den azaldu du azpeitiarrak: "Desobedientziaz hitz egiten du. Zehazki, Tebas erreinuko desobedientzia kasu bat kontatzen du. Lege bidegabe bat obeditu edo ez obeditu; hor dago gatazka".

Duela 2.400 urte inguru, Grezian idatzitako antzezlana da Antigona, eta aspaldiko kontakizuna izanagatik, gaur egungo gizarteak bizi duen egoerarekin ondo ezkontzen dela uste du aktoreak. "Maite dugun jendearen inguruko otoitza da gatazkaren oinarria; familiaren lurperaketaren inguruko gatazka batez hitz egiten du obrak. COVID-19ak eragindako pandemiaren aurretik hasi ginen lanean, baina bat-batean, osasun larrialdia iritsi zenean, zentzu handiagoa hartu zuen antzezlanak. Pandemiarekin, gugana etorri zen duela hainbeste urte idatzitako obra. Lege absurdoak, boterea, obedientzia, desobedientzia... Halako gaiak landu ditugu antzezlanean".

Urte eta erdi eman du konpainiak obrari forma ematen, nahiz eta tartean geldialdi batzuk egin dituzten. Prozesu horretan, mito bilakatu den kontakizunaren barreneraino sartu eta "boterearen inguruko egungo gatazkak nahiz ikuskerak" aztertu dituzte. Bide horretan, testua lantzeaz gain, "lan fisiko eta plastiko handia" egin dutela azaldu du Agirrezabalak. "Grezia zaharreko eskulturetan oinarritutako gorpuzkerak landu ditugu, lan bisual handia egin dugu, eta emaitza ere oso bisuala da".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.