Ostalariei zuzendutako dirulaguntza lerro berri bat martxan jarriko duela iragarri du Azpeitiko Udalak

Julene Frantzesena 2020ko aza. 12a, 09:28
Ostalariek eta udaleko ordezkariek Sanagustin kulturgunean egin zuten bilera atzo. (Azpeitiko Udala)

Udal Gobernuak ez du dirulaguntza lerro horren gaineko azalpen zehatzik eman, baina proposamena Ekonomia batzordean aztertu eta "ahalik eta epe laburrenean" bideratu nahi dutela jakinarazi die ostalariei. Egoera aztertzeko, asmoen berri emateko eta ekarpenak jasotzeko bilera atzo egin zuten udal ordezkariek nahiz herriko ostalariek.

Azpeitiko Udaleko ordezkariek eta herriko hainbat ostalarik bilera egin zuten atzo arratsaldean, Sanagustin kulturgunean, joan zen astetik indarrean den tabernak eta jatetxeak ixteko aginduaren harira. Udalak dagoeneko indarrean diren dirulaguntzen eta dituen asmoen berri eman zien ostalariei, eta horiek ekarpenak egiteko aukera izan zuten.

Nagore Alkorta alkatearekin eta Josu Labaka zinegotziarekin elkartu ziren ostalariak atzokoan, eta udal ordezkariek, "babesa" agertzeaz gain, baliabide publikoak jartzeko konpromisoa adierazi zieten bilkurara joan ziren ostalaritza arloako kideei. Hain zuzen ere, dagoeneko martxan diren dirulaguntzen gaineko azalpenak emanda, Udal Gobernuak dirulaguntza lerro berri bat ezartzeko asmoa duela iragarri zuen alkateak.

Ostalaritza sektorea babesteko eta uneotan dituzten gastuei aurre egiteko dirulaguntza lerro berri bat martxan jartzea aztertzen ari dela azaldu zuen alkateak. Proposamena Ekonomia batzordean aztertu eta "ahalik eta epe laburrenean" bideratu nahi dutela jakinarazi zien ostalariei. Udalak kaleratu duen oharrean ez du laguntza horien gaineko xehetasun gehiago eman.

Horrez gain, baina, ostalaritzako langileek martxan diren hainbat laguntza jasotzeko aukera dutela ere gogorarazi zuen, horien ekonomia egoera "larria" baldin bada. Izan ere, Alkortak azaldu zuenez, pandemia garaian egindako "egokitzapenak" tarteko, "ekonomikoki gaizki pasatzen" ari diren herritar guztiek dute laguntza jasotzeko aukera.

Azpeitiko alkatearen arabera, egoera "oso zaila" bizi dute ostalariek: "Sektore horretako habeak eta langileak ekonomikoki gaizki ari dira pasatzen, eta bileraren bidez, haien kezkak, ekarpenak eta iritziak jaso nahi izan ditugu. Azken finean, herritarren arazoak udalaren arazo ere badira, eta guztioi dagokizu aurrera egitea".