Elmubasek 145 lanpostu sortzea aurreikusten duela iragarri du Jaurlaritzak

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 11a, 17:53
Arantxa Tapia Elmubasen lantegia eta hori handitzeko obrak ikusten izan da goizean. (Irekia)

Azpeitiko Elmubas Iberica enpresak "2021eko apiriletik aurrera" 145 lanpostu berri sortzea aurreikusten duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Elmubasek Landetako Antzibarrena poligonoan duen lantegia bisitatu du gaur, eta bisita horren harira eman du Jaurlaritzak bere partaidetzapeko enpresaren asmoen berri.

Txakurrentzako eta katuentzako janari lehorra ekoizten du Elmubasek eta Europan enpresa liderra da bere sektorean; 30 urtetik gora daramatza langintza horretan. 2019ko udan Portobello Capital arrisku kapitalen kudeaketa enpresak erosi zuen ordura arte familia enpresa izandakoa, eta Jaurlaritzak ere ordutik du partea Elmubasen, "enpresak lurraldean zuen presentzia sendotzeko helburuarekin": Spri talde publikoko Ezten arrisku kapitaleko funtsaren bitartez, %4,29ko partaidetza du Jaurlaritzak lantegian.

Joan den otsailean, lantegia handitzeko obrak hasi zituen Elmubasek, ondoko hainbat orube erosita. Orduan aurreratu zuten Portobello Capitaleko ordezkariek enpresaren ekoizpen ahalmena eta salmentak bikoizteko zein langile gehiago kontratatzeko asmoa zutela.

18.000 metro koadro izango ditu Elmubas eraikitzen ari den pabilioi berriak; horrekin, guztira 55.000 metro koadrotik gorako azalera izango dute enpresaren instalazioek. Gaur egun 200dik gora langile ditu enpresak eta "Urola Kosta eskualdeko enpresa handienetako bat" da, Jaurlaritzak nabarmendu duenez. Lantegia eta ekoizpen ahalmena handitzeko, eta iragarri dituzten lanpostu zuzen berriak sortzeko, 48 milioi euroko inbertsioa egingo du Elmubasek, Jaurlaritzaren arabera, eta "2024. urterako duen tamaina bikoiztuko du".