Kronika

Memoria historikoa eraikitzeko lau adreilu

Anartz Izagirre 2020ko aza. 11a, 16:52
'Oroimen historikoa eta giza eskubideak' jardunaldien bigarren eguneko irudia. (Maialen Etxaniz)

Eremu desberdinetako lau hizlarik parte hartu dute gaur, asteazkena, oroimen historikoaren eta giza eskubideen inguruko mahai inguruan. Kontakizunaz, memoria historikoaren ibilbideaz eta etorkizuneko erronkez aritu dira, besteak beste, Josu Chueca, Jon Mirena Landa, Idurre Eskisabel eta Enekoitz Esnaola.

Lau aditu eta lau ikuspegi entzuteko aukera izan da gaur, asteazkena, Basazabal jauregian. Oroimen historikoa eta giza eskubideak jardunaldien bigarren eta azken eguna izan da gaurkoan, eta Josu Chueca historialariak, Jon Mirena Landa legelariak, Idurre Eskisabel EHUko irakasleak eta Enekoitz Esnaola kazetariak hainbat lerroburu utzi dituzte gaurko saioan. Aitziber Blancok gidatu du saioa, eta bitan banatu dute solasaldia; hasteko, Chueca eta Landa aritu dira solasean, eta atsedenaldiaren ostean, Eskisabelen eta Esnaolaren txanda izan da. Hizlari bakoitzak bere tesiak mahaigaineratzeaz gain, komunean dituzten ondorioak plazaratzeko aukera ere izan dute solasaldiaren amaieran, baita jardunaldietan aurrez aurre parte hartu duten herritarren galderak erantzuteko ere.

Blancok memoria historikoa berreskuratzeko hurbilketaren inguruan hitz egiteko eskatu die lehen bi hizlariei, eta Chuecak Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko iragan hurbilean aipagarriak izan diren uneak zein datuak aipatu ditu. Besteak beste, oroimen historikoaren mugarri izan zen Leongo (Espainia) desobiratze zientifikoa izan du hizpide historialariak, eta gertakari hark izan zuen oihartzun sozialaz aritu da. Izan ere, Chuecaren esanetan ,hainbat izan dira orduz geroztik oroimen historikoaren inguruan sortu diren taldeak eta lege-ekimenak. Hizpide izan ditu, besteak beste, 2007. urtean onartu zuten Espainiako Oroimen Historikoaren Legea eta Espainiako Gobernuak duela gutxi onartu duen Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua.

Historialariaren esanetan, Espainiako Estatuan "ahanzturaren politika" izan da protagonista orain gutxi arte, baina azken urteetan aurrerapausoak eman direla nabarmendu du, nahiz eta oroimen historikoaren alorrean hutsuneak ikusten dituen oraindik ere. "Gobernuek hiritarrok memoria historikoa eraikitzeko dugun eskubidea bermatu behar dute, baina ez memoria publikoa ezarriz. Estatuek ezin dute bultzatu kontakizun bakarra", azaldu du Chuecak. Ildo horretatik, egiteko dauden hainbat etxeko lan nabarmendu ditu historialariak; esate baterako, adierazi du lehenbailehen heldu behar zaiola Memoria Demokratikoaren Legearen eztabaidari.

Giza eskubideen zatiezintasuna

Chuecaren ideietatik abiatuta, giza eskubideen eta oroimen historikoaren harremanez aritu da Jon Mirena Landa legelaria, eta gai horien bueltan zuzenbidean mugarri izan diren hainbat erakunde aipatu ditu hasieran; besteak beste, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaz aritu da solasean. Bestalde, Giza eskubideen kulturak Espainiako Estatuan izan duen "bizitza laburra" mahaigaineratu du legelariak, eta azaldu du trantsizio garaitik  urte batzuk pasatu arte mugimendu memorialistarik ez zela izan Espainian. Horren harira, Landak aipatu du oroimenaren inguruko eztabaida politikoa sortzen hasi zela "biktimen mailaketa" egin zuten unean, eta mailaketa horrek gizartean eragindako ekidistantzia izan du hizpide.

Landaren esanetan, 80ko hamarkadatik aurrera polarizazioa egon zen ETAren eta polizien biktimen artean, eta batzuk alde batera eta besteek bestera begiratzen zutela azaldu du. Ildo horretatik, giza eskubideen zatiezintasuna aldarrikatu du legelariak, eta biktimen arteko mailaketarik ez dela egin behar aipatu du. Adituaren arabera, giza eskubideen perspektibatik begiratuta, oroimen historikoa eraikitzerakoan ezinbestekoa da urraketa guztiak "serio" hartzea. Halaber, etorkizunera begira "gertatutako guztia" azaldu behar dela eta "errealitate guztiak mahaigainean" jarri behar direla esan du, modu horretan soilik etorriko delako biktimen erreparazioa eta oroimen historikoaren berreskurapena.

Oroimen historikoa, kontakizuna sortzeko alfabetoa

Atsedenaldiaren ostean, Idurre Eskisabel Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Enekoitz Esnaola kazetariak hartu dute hitza. Eskisabelek kontakizuna "hitz fetitxe" bihurtu dela esanez hasi du bere tartea, baina aldi berean, gai hori "tinko" heldu beharrekoa dela nabarmendu du: "Kontakizuna gudu-zelaia izan beharrean, memoria lantzen joateko soroa izan daiteke". Hari horri jarraiki, errealitatea kontsentsuatutako kontakizuna dela azaldu du Eskisabelek, eta kontsentsua botere-jokoaren bidez ezartzen dela. Bestalde, memoria historikoa kontakizuna osatzeko alfabetoa dela ere azaldu du hark, eta eskumen berarekin ez bada ere, kontakizuna eratzean denok parte hartzen dugula zehaztu du. Horri lotuta, besteak beste, hedabideek alor horretan duten rolaz aritu da.

Kontakizunak literaturan eta ikus-entzunezkoetan duen presentziaz ere hitz egin du Eskisabelek, eta azaldu du arte eta kultur sorkuntza direla egun "territorio libre bakarra", kontakizunaren eraikuntzari dagokionez. Hark hainbat euskal idazleren adierazpenak irakurri ditu. Ikus-entzunezkoei dagokienez, berriz, azken hilabeteetan hautsak harrotu dituen Patria telesailaren adibidea jarri du mahaigainean EHUko irakasleak, eta azaldu du telesail horretan "kontakizun bakarra eta zilegi den memoria bakarra" nagusitzen direla. Bestalde, kontakizunean sexuak eta generoak duten presentzia ere izan du hizpide Eskisabelek, eta hark esan duenez, dagoen kontakizuna "patriarkala" da, eta memoria sortzeko orduan, beharrezkoa da emakumeen ikuspegia kontakizun horretan txertatzea.

Urraketak, gatazka politikoaren ondorio

Solasaldian hitza hartzen azkena Enekoitz Esnaola kazetaria izan da. Azpeitiarrak argi eta garbi utzi du "gatazka politikoa" egon dela eta oraindik badela Euskal Herrian, eta esan du gatazka horren nahiz erabaki politikoen ondorioz gertatu direla hilketak, torturak eta bestelakoak. Azken hamarkadetan gatazka politiko horren eragile izan diren gertakari garrantzitsuak mahaigaineratu ditu kazetariak, eta esan du testuingurua aintzat hartu behar dela gertakari horiez hitz egiterakoan. Horren harira, Esnaolak aipatu du azken hamarkadetako gertakarien gainean herritarrek duten ikuspegia eta erantzuna asko aldatu direla: "Norberak bere testuingurua izan du, eta era bateko edo besteko ikuspegia".

Presoen ongietorriez ere aritu da Esnaola, baita dispertsioaz ere. Ildo horretatik, biktima guztiak kontuan hartu behar direla nabarmendu du azpeitiarrak, alde guztietako biktimekiko errespetua kontuan hartu behar dela. Bestalde, datozen urteei begira, garrantzitsutzat jo du Euskal Herrian memoria historikorako kultura politikoa zabaltzea.

Solasaldiaren amaieran hizlariek aukera izan dute elkarrekin komunean dituzten puntuez aritzeko. Eskisabelek, esaterako, laurek kontakizun bakarraren arriskuen inguruan duten iritzia mahaigaineratu du. Bestalde, Oroimen historikoa eta giza eskubideak jardunaldien bigarren saioan puntu batean bat etorri dira solaskide guztiak: beharrezkoa da giza eskubideen urraketa oro jasan duten biktima guztien aitorpena eta errespetua memoria historikoa berreskuratzeko.