Egoiliarrak hasi dira San Martin Astea ospatzen

Egoerak baldintzatuta, baina aurten ere San Martin Astea ospatzen ari dira egoitzako egoiliarrak. Atzo ekin zioten egitarauari pregoia eta pintxo potearekin; gaur meza, trikitilarien saioa eta menu berezia izan dituzte; bihar bingoa egingo dute; eta ostiralean merienda berezia.

Pandemiak pandemia, San Martin egoitzako egoiliarrei ez zaie festarako gogorik eta umorerik falta, eta hasiak dira San Martin Astea ospatzen. Egoerak behartuta, beste urteetakoa baino egitarau murritzagoa prestatu dute aurtengorako, eta bisitak ere erabat mugatuta dituztenez, eskoletako umeen bisitarik eta antzerakorik ez dute izango, baina, hala ere, aste berezia izango dute. 

Atzo, asteartea, hasi ziren ospakizunekin. 11:00etan, festei hasiera emateko, pregoia irakurri zuen egoiliarretako batek, eta horren ostean, pintxo potea egin zuten, salda eta txorixo egosiarekin. Gaur, berriz, 10:30ean, meza izan dute; hori bai, telebistaz ikusi behar izan dute, apaizak ez daukalako egoitzara sartzerik. Jarraian, Imuntzo eta Unai trikitilarien saioaz bertatik bertara gozatzeko aukera izan dute; atarian egin dute saioa, eta horregatik utzi diete sartzen. Eta eguna borobiltzeko, bazkaritan menu berezia izan dute.

Egitarau bereziari segida emanez, bihar, 11:30ean hasita, bingo saio berezia egingo dute; eta amaitzeko, ostiralean, 16:00tan txokolatea txurroekin meriendatuko dute.   

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide