Koronabirusa Azpeitian

11 positiborekin, intzidentzia tasak apaltzera egin du

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 11a, 13:19

Igandean eta astelehenean baino positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo; 11, hain zuzen. Horiekin, 98 dira azken astean herrian baieztatu dituztenak. 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopurua 1.248,75 da.

Atzo herrian 11 positibo baieztatu zituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Ez da datu ona, baina bai aurreko bi egunetakoa baino hobea, igandean 22 positibo zenbatu baitzituzten, eta astelehenean 26. Horrenbestez, zertxobait behera egin du intzidentzia tasak: 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopurua 1.335,10 zen herengun, eta 1.248,75 zen atzo.

Eskualdean ere gorabeherekin jarraitzen du positibo berrien kopuruak, eta beherakoa egokitu zen atzo. 53 positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 31 gutxiago. Azpeitian adina baieztatu zituzten Zarautzen ere, 11, eta hamar Azkoitian. Azken herri horrek du kasu metatuen tasa handiena –Errezilen ondoren–, 1.426,31koa, hain zuzen. 

Orion eta Zumaian, berriz, gora egin du positiboen kopuruak. Orion lau kasu izan zituzten herenegun eta zazpi atzo; eta Zumaian bostetik zortzira igo da. Zestoan, berriz, lau kasu izan zituzten atzo –bezperan baino bat gutxiago– eta Getarian bi –astelehenean baino bat gehiago–. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zen atzo positiborik egon.

Hego Euskal Herrian beherantz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beherantz egin du positibo eman dutenen kopuruak. Egindako 17.890 PCR eta antigeno probatan 1.401 positibo atzeman zituzten; egindako proben %7,8k eman zuten positibo. Bezperan 1.529 positibo zenbatu zituzten hiru lurraldetan. Bizkaian detektatu zituzte positibo gehien, 676; Gipuzkoan 569 kasu atzeman zituzten, eta 142 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamalau lagunek ere positibo eman zuten egindako probetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du ospitaleratutakoen datua berritu; bai, ordea, ZIUn daudenea. Datu hauen arabera, 133 lagun zeuden atzo hiru lurralde hauetako ospitaletako ZIUtan. 

Nafarroako Gobernuak ez du datu ofizialik eman, baina atzo beste 242 kasu izan zirela aurreratu du. Beste hiru lurraldetan ez bezala, datuek gora egin dute Nafarroan, 217tik 242ra, hain zuzen ere.