Korta sarietako bat jasoko du Jose Luis Larrañaga Sarralle Taldearen sortzaileak

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 11a, 12:13
Jose Luis Larrañaga Sarralle Taldearen sortzailea. (Irekia)

Azkoitian jaiotako enpresaria Sarralletik sortutako Litaphar Laborategietako kontseilari eta presidente ere bada. Jesus Gibelalde, Antton Sukia eta Jose Mari Bergaretxe ere saritu dituzte aurten. Azaroaren 24an banatuko ditu sariak Eusko Jaurlaritzak, Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi ditu Korta 2020 sariak jasoko dituztenen izenak. Lau enpresa gizonek jasoko dituzte aurten Joxe Mari Korta zenaren omenez 2000. urtetik urtero ematen dituzten sariak, eta horietako bat da Jose Luis Larrañaga (Azkoitia, 1945). Azpeitiko Sarralle Taldearen sortzaileetako bat da Larrañaga, eta Sarralletik sortutako Litaphar Laborategietako kontseilari eta presidente ere bada.

Jesus Gibelalde, Antton Sukia eta Jose Mari Bergaretxe dira 2020an Korta sariak jasoko dituzten beste hirurak. Lau sarituek "jarduera profesionala jorratu duten enpresa sektoreetan sarituek erakutsitako konpromisoa" eta "enpresa balioak garatzen, enpresak irekitzen, eta jarduera eta lanpostu berriak sortzen izan duten garrantzia" azpimarratu du Korta sarien epaimahaiak; Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioaren eta Adegi, Cebek, Confebask eta Sea enpresa elkarteetako ordezkariek osatzen dute Arantxa Tapia Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Iñigo Urkullu lehendakariak banatuko ditu Korta sariak. Azaroaren 24an izango da sari banaketa ekitaldia, Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen.